Antolatzaileek enpresa japoniarraren presentzia baieztatu zuten orain lau aste. Square Enix ekaineko azokan egongo da.
Orain hilabete bideo-jokoen industriako azokarik handiena itzuli egingo zela jakin zuten zaleek. Iaz bertan behera geratu ondoren E3a formatu digitalean egingo da ekainean. Horrela iragarri zuten antolatzaileek bertan egongo diren enpresa eta garatzaile batzuk zehaztuta. Zerrenda horretan Konami egongo zela irakurri zitekeen; halere, japoniarrak ez dira azokan egongo azkenik.
Sare sozialetan zabaldutako adierazpenetan irakur daitekeenez, Konami “ez da prest egongo” aurtengo E3an agertzeko “agenda arazoengatik”. Apirilean bertan egongo zirela baieztatu zutenez, azken erabaki hau kolpe gogorra izan da zale askorentzat. Halere, japoniarrek lasai egoteko eskatu dute, “hainbat proiektu garrantzitsuren garapen prozesuan murgilduta” baitaude Konamikoak.
Une honetan iragarrita dituen bideo-jokoak txikiak direla esan daiteke: Super Bomberman R Online, GetsuFumaDen: Undying Moon edota Yu-Gi-Oh! Rush Duel: Saikyou Battle Royale bezalako proiektuetan lan egiten ari direla ezaguna da, beraz japoniarren zaleak gogotsu daude joko berri horiek zeintzuk izango diren jakiteko. Nola ez, Metal Gear Solid eta Silent Hill berrien zain agertu dira asko sareetan.
E3an egongo ez diren arren, “datozen hilabeteetan berritasunak eskaintzea” aurreikusten dute garatzaileek, eta “adi egoteko” eskatu dute.
Enpresa handiak, E3arekin
Konamiren faltan, Square Enixek bere presentzia baieztatu du azoka digitalean. Yosuke Matsuda Square Enixeko zuzendariak Nikkeiri eskainitako elkarrizketa batean eman du berria. Dena den, ez dago argi aurkezpen propioa egingo duten edo beste enpresen babespean jokoak erakustera animatuko diren.
Ekainean estreinatuko den Final Fantasy VII Intergrade eta dagoeneko kaleratutako Outriders eta Nier Replicanten birmasterizazioa aipatu ditu Matsudak, baina obra berriak ezagutzera emango dituztela aurreikusten da.
Square Enixekin batera Nintendo, Xbox, Capcom, Take-Two Interactive, Warner Bros. Games, Koch Media eta Ubisoft daude baieztatuta 2021eko E3an; azken honek dagoeneko zehaztu du noiz izango den bere aurkezpen digitala.
Ekainaren 12tik 15era bitartean egingo da E3 2021.
Iruzkinak