AEK-k eta Game Erauntsiak antolatutako egitasmoak euskara ingurune digitalean zabaltzeko bideojokozale eta euskaltzale mordoa batu zituen ostiralean.

Korrika ez da martxoaren 31ra arte abiaraziko, baina Euskal Herriko zortzigarren probintzia zeharkatu du jadanik: digitala. Korrika birtuala burutu du Game Erauntsia Elkarteak AEK-rekin batera dozenaka bideojokozale bilduta.

Pasa den ostiralean izan ginen komunitarearekin auzolanean Minecraft-en prestatutako Korrikaren zerbitzari berezian. Amurriotik hasita Donostira egin genuen korrikan euskara ingurune digitalean zabaltzeko asmoarekin; horri lotuta, bideojokoen zaletasunaz gure hizkuntzan goza daitekeela aldarrikatu genuen, euskaldunak garen heinean euskaraz jokatu nahi dugulako.

Minecraftera ordenagailu zein kontsola, baita tablet bidez ere sartuta Game Erauntsiako kideak eta zerbitzarira hurreratu zirenak aipatutako herriak nahiz Gasteiz, Murgia, Zugarramurdi, Baiona, Iruñea, Donibane Garazi, Maule eta Bilbo gurutzatu zituzten elkarrekin batera lekukoa eramanez.

Ilusioa nagusi izan zen ekimenean, eta hori argi geratu zen partaideek eraman zuten erritmoarekin. Ziztuz bizian zeharkatu genituen prestatutako kokalekuak, baina giro ona eta ondo pasatzeko asmoa nabarmenak izan ziren ostiral arratsaldean.

Gainera, ekitaldi guztia zuzenean jarraitzeko saio berezia egin genuen Twitch-en Iban Lantxo AEK-ko prentsa arduradunarekin batera. Lantxok Korrikaren inguru bitxikeriak kontatu zizkigun bertan: adibidez, abestia nola aukeratzen den edo aurten Korrika zuzenean jarraitzeko prestatu duten aplikazioari buruz mintzatu ginen berarekin. Ez hori bakarrik, euskararen aldeko ekimenari buruzko oroitzapenak partekatzen ibili ginen gure komunitatearekin batera.

 

Euskaraz ondo pasatzeko gunea

Korrika birtuala aprobetxatuta, partaideek minijokoetan aritzeko aukera ere eduki zuten: Build Battle-ean ikurriñak sortzen, OITC-n kolpeka eta TNTRun partidetan saltoka gozatzen aritu ziren bildutakoak, hainbat ordu eder igarota.

Asko eta asko izan dira Euskal Herria sortzen lagundu dutenak; horregatik, eratutakoa gal ez dadin eta nahi duenak sortzen jarrai dezan orain arte eratutako mapa gure lainora igotzea erabaki dugu. Bertatik edonork jaisteko aukera eskaini dugu, egindako lana benetan aparta izan baita eta ikusteak merezi du. Hemendik jaitsi dezakezue.

Horrez gain, izena eman eta parte hartu duzuenon artean AEK-k eskainitako hainbat sari zozkatuko ditugula gogoratzen dizuegu. Laster jarriko gara irabazleekin harremanetan email bidez.

Game Erauntsiatik benetan pozik gaude ostiralean lortutakoarekin. Giro ederrean ibili ginen batzen gaituen zaletasun honetaz gure hizkuntzan gozatzen; ezin dugu besterik eskatu. Minecrafteko Game Erauntsiaren zerbitzariak irekita jarraitzen duela gogorarazten dizuegu: hemen aurkituko duzue gure mundutxoari buruzko informazio guztia.