AEK-k eta Game Erauntsiak antolatutako ekimena Minecraft-en sortutako Euskal Herri digitalean burutu da.

Hilabete baino gutxiago geratzen da Korrikaren 23. edizioak euskaltzaleak Irundik Baionara eramateko, baina, aurretik, motorrak berotu ditu mundu digitalean. Korrika birtualak euskal bideojokozaleok euskararekiko sentitzen dugun harrotasuna zabaldu du gure bigarren munduan: bideojokoen gune digitalean, alegia.

Game Erauntsia Elkarteak AEK-rekin gauzatutako elkarlanak dozena bat partaide bildu zituen atzo arratsaldean. Guztiok asmo berbera geneukan: euskaraz jokatu nahi dugula aldarrikatzea.

Horretarako, euskal komunitateak Minecraften auzolanean eraikitako Euskal Herri birtualera bidaiatu genuen Korrikako lekukoaren bertsio digitala eskuan hartuta.

Hiriburu nagusien bertsio alternatiboak zeharkatu zituzten euskaltzaleek: Irun, Maule, Donibane Garazi, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia, eta, ibilbidearekin bukatzeko, Baiona zapaldu zituzten Minecrafteko abatarrek, baita Euskal Herriko beste zenbait txoko ere.

Giro ederrean eta alaiean ibili ginen zerbitzarian: Euskal Herria korrika, jauzika, nahiz… txalupan zeharkatu genuen! Izan ere, mapa ez da eskalan eratutakoa, eta ibilbidea osatzeko mundu errealeko Korrikak ez dituen oztopoak eduki ditugu… eskerrak ez dutela arazorik suposatzen bideojokoen munduan.

 

Boikot saialdia

Arazoak aipatuta, Korrika birtualak jasan zuen boikot saialdia salatu nahi dugu Game Erauntsia Elkartetik. Egitasmoa abiatu aurretik zerbitzarian sartzea ezinezkoa zen, jakin ahal izan dugunez, DoS eraso baten ondorioz.

Zorionez, elkarteko informatikariek azkar batean eman zioten konponbidea, eta ekimena bestelako oztoporik gabe burutzea lortu genuen.

Korrika birtualari bukaera emateko minijokoetan ondo pasatzeko aukera eduki zuten partaideek: OITC, TNT Run eta Build Battle probetan Minecraften duten trebezia erakutsi zuten jauzika zein eraikitzen.

Game Erauntsiatik eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin batera parte hartzen ibili ziren bideojokozale guztiei: milesker, eta martxoaren 14tik 24ra egin dezagun gauza bera benetako Euskal Herrian!