Aurretik Project L izendatu zuten Riot Games-koek. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko dute.
League of Legendsen oinarritutako borroka joko itxurosoak behin betiko izena jaso du. 2XKO deituko da LoLeko borrokalariak binakako dueluetan batuko dituen titulua. Ez hori bakarrik, kaleratze urtea ezagutu dugu: 2025erako kaleratu gura dute garatzaileek.
Berriok ospatzeko borrokalari berriak aurkezten dituen bideoa prestatu dute. Pertsonaia berrietako lehena LoLeko beteranoek ondo baino hobeto ezagutzen duten Yasuo mitikoa da: katanarekin mugimendu bizkor zein hilgarriak erakutsiko ditu.
Illaoi erraldoiak ere bisitatuko ditugu borrokak. Bere urrezko idoloarekin krakenari laguntza eskatuko dio: kolpe bortitzak magiarekin uztartuko ditu, horrela.
Bi hasiberriekin batera Ahri, Darius, Ekko, Jinx eta Katarina ikusi ditugu, oraingoz, 2XKOn. 2019an iragarri zuten borroka titulua Valorant tiro joko ezagunarekin batera —ordu hartan Project A izendatu zuten—.
Bikoteka ibiliko gara jokatzen. Tag Team estiloko borroketan taldeko bi jokalariek elkarri lagunduko diote konboak luzatuz edo eraso bereziak eginez; hala eta guztiz ere, bakarka aritzeko aukera ere baieztatu dute egileek.
Komunitatearen iritziek zein feedback-ak erabateko garrantzia dauka sortzaileentzat. Horren adierazle da iragarritako jokoaren proba itxia: izena ematea abiatu dute. Horrez gain, EVO bezalako txapelketetan ere ikusiko dugu borroka jokoa.
Plataformei dagokienez, ordenagailuetan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu 2XKO. Esan bezala, datorren urtera arte itxaron beharko dugu bere estreinaldirako.
Iruzkinak