Pool Party proiektuarekin kirol elektronikoetan are gehiago barneratzea aurreikusten zuten. 2XKO borroka joko klasikoa prestatzen jarraitzen dute.
Pool Party deitutako borroka jokoa ezeztatu du Riot Games taldeak. Ofizialki iragarri gabeko titulua League of Legends arrakastatsuan girotuta omen zegoen, Nintendo-koen Super Smash Bros saga ezaguneko mekanikak eta ideiak hartuta.
Iturrien arabera, 70 eta 80 langilez osatutako taldea zegoen Pool Party prestatzen maiatzean proiektua bertan behera geratu zenean. Ezeztatzearen zergatia, dirudienez, Warner Bros taldearen MultiVersus jokoan datza: lortutako harrera ezkorrak Riot atzera jotzera eraman omen du.
Riotekoen asmoa kirol elektronikoen agertokian are eskaintza zabalagoa aurkeztea zen, nahiz eta festa jokoen elementuak ere inplementatzeko helburua izan: Smash Bros oso ospetsua da txapelketetan, baina Nintendok ez duenez modu egokienean babesten, aurkaritzat agertu nahi ziren.
Izan ere, Riot Gamesek presentzia sendoa dauka ingurune honetan: League of Legends zein Valorant edo TeamFight Tactics bideojokoekin genero desberdinetako titulu arrakastatsuak dituzte modu lehiakorrean jokatzeko.
Braum, 2XKOra
Nahiz eta Pool Party alboratu, ez dira borroka jokoetatik kanpo geratuko; izan ere, 2XKO izeneko —aurretik Project L izendatzen zuten— borroka joko klasikoa prestatzen ari dira une honetan.
Tituluari lotutako berritasunak jaso ditugu egunotan, borrokalari berriaren itxuran: Braum ospetsua kontrolatu ahalko dugu 2XKOn borroketan.
Ezkutu erraldoiarekin eraso geldoak baina boteretsuak erabiliko ditu. Poro txikiez ere baliatuko da eraso berezi dibertigarriak egiteko.
Abuztuaren 8tik 19ra bitartean 2XKOren alfa probaldi itxia abiatuko dute; hala ere, Ipar Euskal Herriko jokalariei zuzenduta egongo da, Hego Euskal Herria kanpoan utzi baitute.
Izen ematea webgune ofizialean ireki dute: PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan probatzeko aukera daukagu, onartzen bagaituzte.
2XKO aipatutako plataformetan estreinatuko da 2025ean.
Iruzkinak