Azken atalaren birmasterizazioa martxoaren 2an estreinatuko da; Ascendance berria, martxoaren 31n.
Crystal Dynamics enpresa Legacy of Kain berpizteko lanarekin aurrera doa. Legacy of Kain: Defiance Remastered zein Legacy of Kain: Ascendance iragarri, eta datorren hilabetean argitaratuko direla azaldu du argitaletxeak.
2003ko Defiancen birmasterizazioa martxoaren 2an helduko da PCra eta PlayStation, Nintendo nahiz Xbox kontsoletara. Sagaren azken atal handian Kain zein Raziel banpiroak kontrolatuko ditugu, Nosgoth mundu ilunera itzulita. Legacy of Kain Soul Reaver 1&2 Remastered bilduman egin bezala, atal estetikoa zaharberrituko dute, baita grafiko originalekin jokatzea eskaini.
Txukundutako kontrolak, 3D mapa, kamera berria, argazkilaritza modalitatea, protagonistentzako itxura berriak, istorioaren entziklopedia eta komikiak zein joko originalean alboratutako galdutako mailak aipatzen dituzte egileek. Are gehiago, kaleratu gabe geratu zen The Dark Prophecy jokoaren demo edo prototipoa ere berreskuratu da.
Ascendance, bestalde, martxoaren 31n argitaratuko den bideojoko guztiz berria izango da. 2D pixel art estetikarekin sortua, kutsu retroa edukiko duen plataforma eta akzio abenturan Razielen hastapenak azalduko zaizkigu.
Kainen babespean zegoen banpiroa izanik, bestelako abileziak eta botereak erakutsiko ditu Razielek; gainera, hil ondorengo atalak ere biziko ditugu. Elaleth izeneko protagonista berria gidatuko dugu, baita Kain ezaguna ere.
Ascendance kontsoletan zein ordenagailuetan estreinatuko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak