Ekainaren 22an estreinatuko da PCrako, raytracing ezaugarriekin. Orain arte Apple Arcade zerbitzuko bideo-joko esklusiboa izan da.
LEGO Groupek orain urte pare bat kaleratu zuen Lego Builder’s Journey PCra iritsiko da hobekuntza nabarmenekin. Nvidiak Computex 2021 azokako aurkezpenean iragarri zuenez, bere txartel grafikoen ezaugarri guztietaz baliatuko den bertsio berri batekin argitaratuko dute puzzle jokoa ordenagailuetan.
Erakutsitako trailerra zoratzekoa da, eta benetako piezekin jokatzen dela pentsa daiteke lehen begiradan. Izan ere, ray tracingaren funtzio guztiak erabiliko ditu bideo-jokoak: ingurune-oklusioa, argiztapen globala, islak eta itzalak ray tracing bidez hobetuko ditu Nvidiaren teknologiari esker.
Hori horrela, kalitate handiz eratutako Lego piezak kontrolatuko dituzte jokalariek. Harrigarria da islak eta argiztapena xehetasun guztiz mugimenduan ikustea piezen gainean. Nola ez, ezaugarri hauetaz gozatu ahal izateko ezinbestekoa izango da RTX txartel grafikoa edukitzea.
Puzzle geometrikoak proposatuko ditu abentura txiki honek. Jokoak batzuetan jarraibideak emango dituen arren, jokalarien esku egongo da horiek baztertu eta konponbidea norbere kabuz bilatzea, “egitura askeko puzzleak” izango baitira.
Lego Builder’s Journey Steam bidez kaleratuko dute ekainaren 22an. Horrez gain Apple Arcade zerbitzuan ere jokatu daiteke dagoeneko.
Iruzkinak