Bihar iritsiko da Fortniten ingururena. GTA Online-n pausoak jarraituko ditu, partida bakoitzean 32 jokalari elkartzeko aukera eskainita.

LEGOk eta Epic Games-ek elkarlan berria aurkeztu dute: LEGO Fortnite Brick Lifek blokez osatutako hiri bizia eta erraldoia esploratzeko aukera ekainiko digu.

Bihar bertan estreinatuko da jokoa, horrela deitu ahal badiogu, behintzat: Fortnite markapean argitaratutako esperientzia berri hau battle royale arrakastatsuaren HUBean edo ingurunean inplementatuko dute; gauza bera egin zuten LEGO Fortnite edo Rocket Racing tituluekin, besteak beste.

Bertatik sartuta gehienez 32 jokalari elkar ditzaketen hirietara bidaiatuko dugu. Grand Theft Auto Onlinen antzeko proposamena dakar Brick Lifek: kokalekuak bakarrik zein lagunekin esplora ditzakegu, oinez zein denetariko ibilgailuen gainean igota, askotariko ekintzetan parte hartuz.

Lanean ere ibili ahalko gara: banatzailean, irakaslean, guardian edo sukaldarian bilaka gaitezke, adibidez. Hauen erronkak burutuz lortutako diruarekin etxebizitzak, altzariak, arropak zein bestelako edukiak erosi ahalko ditugu joko barruan.

 

LEGO Fortnite, eguneratuta

Brick Life berriarekin batera iaz argitaratutako LEGO Fortnite jokoarentzako eguneraketa erraldoia aurkeztu dute egileek.

Hasteko, jokoa izenez aldatuko dute: LEGO Fornite Odyssey bezala ezagutuko dugu orain. Horrekin batera, Storm Chasers izeneko adabakiak bioma berria dakar, baita arerioak, ziegak, objektuak eta akabatu beharreko buruzagia ere. Bihar jasoko ditugu edukiok.

Mundu irekiko esplorazio eta biziraupen abentura dugu Odyssey: Minecraft edo Zelda bezalako lanen oinarriak bereganatzen ditu bakarka zein lagunekin goza daitekeen sandbox erraldoia proposatzeko.

 

Lehen pertsonan Ballistic-ekin

LEGOko piezak alboratuta, Fortnitek ere joko mota berria jasoko du bihar. Fortnite Ballistic deitua, lehen pertsonako ikuspegian jarriko gaitu 5vs5 partidetan lehiatzeko.

Argi dago nondik joko duten, ezta? Counter-Strike hilezinaren klona dugu Ballistic: mapa anitzetan misio desberdinak bete beharko ditugu, aurkariak akabatuta. Hiltzen gaituztenean, hurrengo txandara arte itxaron beharko dugu berpizteko, ez baitago uneko berragerpenik.

Sarbide goiztiarrean estreinatuko da oraingoz, baina eduki kopuru esanguratsuarekin dator: hainbat mapa, arma eta objektu bilduko ditu bihar heltzen denean. Itxura batean, modalitate iraunkorra izango da, eta denborarekin hobetzen joango direla agindu dute Epicetik; halere, oraindik ez dute guztiz baieztatu.

LEGO Fortnite Brick Life zein Odyssey eta Fortnite Ballistic doan joka daitezke Fortniten munduetatik. Esan bezala, joko eta modalitate berriak zein Odysseyren eguneraketa bihar iritsiko dira PCra, Android nahiz iOS gailu mugikorretara zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletara.