Ofizialki aurkeztu gabea, ostiralean iragarriko dutela aurreratu dute filtrazioek: 800 eurotan merkaturatuko lukete.
Eskuko PC-en inguruneak hazten jarraitzen du. GPD Win edo Ayaneo txinatarrek kontrolatutako merkatu hasiberriak Steam Deck eta Asus ROG Ally gailuen etorrera ikusi du azken hilabeteotan, egoera zeharo aldatuz. Lenovo markaren txanda da orain: Legion Go izeneko gailua aurkeztuko dutela aurreratu dute Windows Report agerkarian.
Artikuluan aipatzen dutenez, oraindik ofizialki aurkeztu gabeko PCa ostiralean Berlinen abiatuko den IFA azokan iragarriko lukete Lenovokoek. Hala ere, WRekoek hainbat xehetasun aipatzen dituzte, filtratutako irudiarekin gailuaren diseinua eta guzti erakutsita.
8,8 hazbeteko pantailarekin orain arteko eskuko PCrik handienetakoaren aurrean gaude: 2560 x 1600eko bereizmena eta 144 Hz-ko berrizte tasa aldakorra ditu. Hori irakurrita, irudi kalitate nabarmena eskainiko duela pentsa dezakegu.
Prozesadore indartsua aurkituko dugu barrenetan: AMD Ryzen Z1 Extreme CPUa eramango du Lenovoak. Hortaz, ROG Allyaren bertsio onenak daraman prozesadore berbera; emaitza bikainak sortu ditu Asusekoen PCan, beraz, ez da harritzekoa txinatarrek honen alde egitea. RAM memoria aldetik 16GB 7500Mhz LPDDR5X erabiliko du.
Bateria izan ohi da halako gailuen arazo nagusienetakoa. Hori zuzentzeko bateria nabarmenarekin etorriko da: 49.2WHr-eko karga super azkarreko bateria edukiko du Legion Goak. Dena den, aipatutako bereizmenarekin eta joko exijenteenekin erakutsiko duen errendimendua ikusteko dago.
Biltegiratze modelo desberdinekin salduko da gailua: 256GB, 512GB edo T1 memoriak aipatzen dira filtrazioan. MicroSD txartelen memoria gehigarria aprobetxatzeko sarrera ere egongo da.
Horrez gain, ohiko funtzionaltasunak eta konektibitate ezaugarriak ikusiko ditugu: ukipen pantaila, USB-C zein 3.5mm audio sarrerak, Wi-Fi nahiz Bluetooth ezaugarriak… Touchpad txikia ere edukiko du, bukatzeko.
Desberdintasunik esanguratsuena aginteetan ikusiko dugu, zalantzarik gabe. Irudiak ikusi badituzue alboetan ere botoiak dituztela nabariko zenuten —teklez josita daude, egia esan—.
Botoiok, itxuraz, ez dira Deckarekin edo Allyarekin jokatzen dugun moduan aritzerakoan erabiltzekoak; izan ere, Switch kontsolako Joy-Con mandoekin egin modura, Lenovoarenak pantailatik banandu eta Bluetooth agintetzat erabiltzeko aukera edukiko dugu.
Nola ez, mando bakoitza bakarka erabili ahalko da; modu horretara, bi lagunek elkarrekin jokatzeko aukera edukiko dute, Joy-Conekin gertatzen den bezala. Pantaila eusteko hanka ere edukiko du.
Sistema eragileari dagokionez, Windows 11 bidez funtzionatuko du Lenovoak. Filtrazioak ez du berezko interfazerik edo launcher-ik aipatzen; halere, Steamen Big Picture automatikoki ezartzeko aukerarekin, ez du arazo handirik suposatuko.
Bukatzeko, prezioa aurreratu dute WRekoek: 800 eurotan merkaturatuko litzateke. Asus ROG Ally Z1 Extreme bertsioaren prezio berean, alegia.
Bestelako gailu gehigarriak erabiltzeko aukera eskainiko dute, gainera. Lenovo Legion AR errealitate areagotuko betaurrekoak aurreratzen dira filtrazioan: 1080p-ko micro OLED pantailak izango ditu begi bakoitzarentzat.
Ez dira eskuko PCarentzat soilik izango, edozein gailurekin funtzionatuko baitute. Aurikular bereziak ere iragarriko dituztela dirudi.
Lenovo Legion Goak ez du ezer berririk asmatuko; hala eta guztiz ere, ezaugarrien filtrazioak zuzenak badira gailu interesgarria osatzeko balioko dute. Hau guztia, printzipioz, ostiral honetan ezagutuko genuke, txinatarrek IFAn egingo duten aurkezpenean.
Iruzkinak