Bi bertsio nagusirekin iritsiko da: Z1 prozesadore desberdinak edukiko dituzte. Windows 11 sistema eragilearekin funtzionatuko du.

Filtrazio bidez sarean hedatu ostean, Lenovok Legion Go eskuko PCa aurkeztu du azkenik: azaroan merkaturatuko dute 799 euroko prezioan.

Joan den astean aipatutako zehaztapenak eta ezaugarriak egiazkoak zirela baieztatu dute Lenovokoek. Steam Deck-ari zein Asus ROG Ally-ari aurre egitera datorren eskuko ordenagailua da txinatarrena; horrela, aginteak dituen tablet itxura dauka.

Hori bai, dirudienez bi bertsio nagusi desberdin prestatu dituzte: desberdintasun esanguratsuena euren prozesadoreetan datza. Filtrazioan AMD Ryzen Z1 Extreme CPUa aipatzen zen, baina Z1 arruntarekin ere estreinatuko da Legion Go.

Biltegiratze mota desberdinekin ere iritsiko da gailua: 256GBeko, 512GBeko eta TB1eko PCIe 4.0 NVMe M.2 2242 memoriekin, hain zuzen ere.

Horrela, 799 euroko prezio hori bertsiorik xumeenarena da; zoritxarrez, ez dute gainerako modeloen balioa zehaztu. Hemen doaz zehaztapen osoak:

Lenovo
Legion Go
 
Pisua 852 gramo
Pantaila 8,8 hazbeteko IPS panela. QHD+ .560 x 1.600 bereizmena. 144 Hz- berrizte tasa. 16:10 formatua. 500 nits-eko distira
Prozesadorea AMD Ryzen Z1 Extreme / Z1
GPU AMD RDNA 3
RAM 16 GB LPDDR5X
Biltegiratzea 4. belaunaldiko SSD PCIe: 256GBkoa, 512GBekoa edo TB1ekoa. 2TBko microSD-arekin memoria areagotu daiteke
Aginteak Ohiko botoiak eta lau botoi gehigarri dituzten bi Lenovo Truestrike mando. PCtik bana daitezke
Soinua 2Weko bi bozgorailu
Bateria 49,2 Whr-eko bi zeldako bateria
Konektibitatea WiFi 6E eta Bluetooth 5.2
Sarrera fisikoak Aurikularren jack-a. USB-C: DisplayPort 1.4rekin bateragarria
Sistema eragilea Windows 11

Filtrazioan agertu modura, beste gailuengandik urruntzen duen funtzionalitatea aginteena da: Switch-eko Joy-Con mandoekin gertatzen den modura, gailu nagusitik banatzeko eta erabiltzeko aukera eskaintzen dute Legion Goaren Truestrike aginteek. Touchpadarekin datoz, gainera, erakuslea kontrolatzeko.

Ez hori bakarrik! Sagu arruntaren funtzioa ere bete dezakete: oinarri bereziari atxikita sagu antzeko stick batean bilakatzen dira. Tiro jokoetarako baliagarria dela diote Lenovokoek: hau egiterakoan FPS modalitatea aktiba dezakegu, zehaztasuna areagotuz. Erabilgarritasuna ikustekoa izango da, baina deigarria da benetan.

Interfaze aldetik Legion Space delakoa ikusiko dugu gailuan. Jokoak eta aplikazioak abiatzeko gunea izango da. Saltoki desberdinetan jokoak erostea ahalbidetuko digu, baita.

Edukiera handiko bateria aipatu genuen, baina karga azkarra ere nabarmentzekoa izango da; arduradunen arabera ordu erdian % 70 bete dezakegu. Bateria aurrezki modua ere dauka: errendimendua murriztuta bateria denbora areagotuko du, 800p-ko bereizmenean eta 60Hz-tan funtzionatuta.

Amaitzeko, gailu gehigarriekin iritsiko dira: Lenovo Legion Glasses errealitate areagotuko betaurrekoek pantaila birtualak sortuko dituzte, eta Lenovo Legion E510 7.1 RGB aurikularrak ere aurkeztu dituzte txinatarrek.

Lenovo Legion Go eskuko PCa azaroan kaleratuko da, oraindik zehaztu gabeko egun batean. Oinarrizko modeloa 799 eurotan merkaturako dute; gainerakoen prezioa baieztatzeke dago oraindik.