Grace Ashcroft pertsonaia berriarekin batera barneratuko da, beste behin, Raccoon City hirian. Otsailaren 27an estreinatuko da.

Capcom-ek Resident Evil sagako bederatzigarren atalaren, Requiem-en, trailer berria eskaini du The Game Awards jaialdian. Bigarren protagonista ezagutu dugu bertan: Leon S. Kennedy.

RE2 mitikotik hona sagaren aurpegietako batean bilakatu den pertsonaiaren inguruko zurrumurruak aspalditik entzun izan ditugu, eta azkenik baieztatu dute egileek: Grace Ashcroft protagonista berriarekin batera, Umbrella erakunde maltzurrari lotutako misterio berriak argitzera joko du Leonek.

Izan ere, 1998ko Raccoon City hirian jazotakoen atzean dagoen “egia” ikertzera eramango gaitu bederatzigarren atalak. Dirudienez, bi protagonistetako bat hautatuko dugu abentura hasterakoan. Leonen zatia akziora bideratuta egongo da: RE4 edo RE6 atalak ekartzen ditu gogora —oraingoan guk erabiliko dugu motozerra—, eta Gracen pasarteak beldurgarriagoak nahiz survival horror erroei lotutakoak izango dira.

Lehen zein hirugarren pertsonan jokatzeko aukera nabarmentzen dute egileek; horrela, azken berregiteen nahiz atal berrienen ikuspegiak uztartuko dituzte. Ez da hori egiten duten lehen aldia: zortzigarren RE Village-n Gold Edition eguneratzearekin aukera horixe bera eskaini zieten jokalariei.

Ez da askorik geratzen REquiem estreinatzeko: 2026ko otsailaren 27an merkaturatuko du Capcomek. Plataformei dagokienez, Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan kaleratuko da.