Aurten zein datorren urtean iritsiko dira garatzaile japoniarraren tituluak mendebaldera.
Level-5 taldeak bere hurrengo bideojokoak aditzera emateko Vision 2023 aurkezpen berezia egin du: bertan bildu ditu Professor Layton and the New World of Steam, Inazuma Eleven: Victory Road zein Decapolice bezalako obra interesgarriak.
Trailerrak eta bideojokoon mekanikak erakutsi dituzten arren, ez dute inolako argitaratze datarik zehaztu. Hala ere, guztiak aurten kaleratzen joateko asmoa dutela aurreratu dute.
Professor Layton and the New World of Steam
Level-5en frankiziarik ezagunenetakoa itzultzear da. Layton irakaslearen abenturak hainbat urtez geldiarazita egon ondoren —saga nagusiko azken Mistery Journey 2017an kaleratu zen jatorriz— The New World of Steam iragarri zuten japoniarren azken Nintendo Direct aurkezpenean; are gehiago, Switch kontsolako esklusiboa izango da, momentuz behintzat.
Estudioaren zuzenekoaz baliatu dira, berriz, atal berriaren protagonistak eta girotzea aurkezpeteko. Laytonekin batera itzuliko da Luke gaztea, eta elkarrekin hainbat puzzle gainditu beharko dituzte istorioan aurrera egiteko.
Hori bai, buru hausgarri hauek ikusi gabe geratu gara. QuizKnock taldea arduratuko da orain honetan puzzleen diseinuaz: Japonian ezaguna den taldea dugu. Asmoa gainditzeko zailak diren, baina edonork goza ditzakeen erronkak prestatzea dute.
Inazuma Eleven: Victory Road
Futbola eta estrategia anime estetikarekin biltzen dituen jokoa ere bueltan dugu! Inazuma Eleven Nintendo-koen hainbat kontsoletatik igaro ostean Victory Road atala Switchean, PS4an zein Android gailuetan estreinatuko da.
Nagumohara institutuko jokalariekin ariko gara hurrengo tituluan; helburua, nola ez, futbol talderik onena prestatzea izango da. Horri lotuta, Chronicles modalitatea erakutsi dute Level-5ekoek. Aurreko jokoetako kirolariak itzultzeko bidea izango da: guztira 4.500 pertsonai agindu dituzte.
Zaindutako atal grafikoarekin, Victory Road ziurrenik sagako jokorik handienetakoa izango dela azaldu dute japoniarrek prestatu duten bideo sakonean.
Decapolice
Gaur egun Level-5 garatzen ari den titulurik anbiziotsuena da, ziurrenik, Decapolice. Nintendo Directean iragarritako lanak JRPG elementuak ikerketekin biltzen ditu: Broadstone hiriko gaizkileak harrapatzea izango da gure helburua.
Horretarako, aztarnak batuko, testigantzak lortuko eta munstroen aurkako borroketan parte hartuko dugu Decasim deitutako mundu birtualean. Modu batean, Conan Detektibearen eta Dragon Quest zein Final Fantasy bezalako RPG japoniarren arteko batuketaren aurrean gaudela dirudi.
Switchean nahiz PlayStation kontsoletan merkaturatuko dute Decapolice.
Megaton Musashi: Wired
Level-5 akziora igaro zen bere klasiko batekin. Megaton Musashik Wired izeneko bertsioa jasoko du: joko originalaren berregindako lana dugu. Mecha erraldoien arteko borrokak izango dira ardatza: gure robota sortzen eta pertsonalizatzen ariko gara hack and slash dueluak bizitzeko.
Makina legendarioak iragarri dituzte Wired bertsiorako, gainera. Manganimeko gailurik ezagunenak izango dira: Mazinger Z edo Getter Robot erakutsi dituzte, adibidez.
PlayStationen eta Nintendoren egungo kontsoletara iristeaz gain, Megaton Musashi: Wired PC-an ere estreinatuko dela aurreratu dute garatzaileek.
Fantasy Life i: The Girl Who Steals Time
Iragarpenekin bukatzeko joko lasaia eta ederra aditzera eman zuten Level-5ekoek. Fantasy Lifen hurrengo sarreran etxeak eraikitzen, baliabideak biltzen eta ohiko kontuak burutzen ibiliko gara, noski, baina baita misterioak argitzen ere.
Nintendo Switcheko esklusiboa izango da The Girld Who Steals Time.
Esan bezala, aipatutako bideojoko guztiak aurten estreinatuko dira adierazitako plataformetan. Level-5 Vision 2023 aurkezpena osorik ikusi nahi izanez gero, jarraian duzue bideoa:
Iruzkinak