Kode irekiko proiektua lokalizatzeaz arduratu da Mikel Larreategi erabiltzailea. Sareko partidak, estatistikak, gidak eta askoz gehiago batzen ditu.

Xakean digitalki jokatzeko bide ugari ditugu aspalditik. Doako proiektu txikiak formatu desberdinetan hedatu dira sarean, mahai joko klasikoaz gozatzeko modu anitzak eskainita. Proiektuon artean bat nabarmendu beharko bagenu, Thibault Duplessis garatzaileak sortutako Lichess izango litzateke: denetariko ezaugarriak eta aukerak eskaintzeaz gain, euskaraz joka dezakegun obra da.

Kode irekiko proiektua 2010ean abiatu zuen Duplessisek: oinarrizko xake bideojokoa izatetik dozenaka modalitate eta berezitasun bildu ditu azken hamarkadan. Milaka jokalari elkartzen dira egunero webgunean: arduradunek diotenez, “egunean bost milioi partida baino gehiago jokatzen dira”.

Jokalari horien artean dago Mikel Larreategi: erabiltzaileak kode irekiko lanen berezitasunez baliatu, eta euskaratzeari ekin zion. Proiektuak Crowdin plataforma bidez edozein hizkuntzatara itzultzeko aukera eskaintzen duenez, oztopo handirik gabe burutzeko lana izan dela esan daiteke —itzulpengintzan sartzen garenok beti eskertzen ditugu halako laguntzak eta baliabideak!—.

Horrela, nabigatzailea euskaraz badaukagu webgunera sartu bezain laster gure mintzairan ikusiko ditugu atal guztiak… edo gehienak, albisteak eta halakoak ingelesez baitaude. Parekatze azkarra, egongela edo posta bidezko partidak zein aldibereko partidak ditugu menu nagusian, adibidez.

Are gehiago, xakean jokatzen ikasteko tutorialak nahiz beste jokalariek egindako mugimenduetatik abiatutako ikastaroak —profesionalenak barne, noski— proposatzen dizkigu Lichessek. Oinarriak barneratzeko zein taktika berriak ikasteko aproposa.

Komunitate sendoarekin, txapelketa desberdinetan parte har dezakegu, bukatzeko: txapelketa suitzarrak zein arena lehiak ditugu. Guztiak inolako iragarkirik gabe.

 

Nabigatzailean zein mugikorretan

Lichessez gozatzeko hainbat bide ofizial ditugu. Alde batetik, nabigatzailetik joka dezakegu lichess.org webgunean sartuta.

Bestetik, gailu mugikorrekin jokatzekoak bagara Android nahiz iOS sistema eragileetarako aplikazioak jaitsi ditzakegu. Play Store zein App Store saltokietan aurkituko ditugu. Mugikorretako bertsiook ere euskaratuta daude.

Halako lan ederra Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan gehitu behar genuen, zelan ez! Lichess gainerako tituluekin batera aurkituko duzue hemen.