The Sims estiloko bizitza simulatzailea aurten estreinatu behar zen sarbide goiztiarrean: garatzaile baten arabera, “aste pare batean” argitaratzeko asmoa zeukaten.
Paradox argitaletxeak Life by You ezeztatu du. Iaz iragarritako bizitza simulatzaileak bi berandutze jasan ditu: bertan behera uztea “erabaki ikaragarri gogorra” izan da Mattias Lilja Paradoxeko arduradun nagusiaren arabera, baina, bere esanetan, “denborak ez liguke asebeteta geratzeko moduko bertsioa sortzea ahalbidetuko”.
Sarbide goiztiarrean estreinatzeko prestatzen zebiltzala ezeztatu dute Paradox Tectonic taldea sortzen zebilen proiektua. “Orain aste batzuk, early access fasearen hasiera gelditzea erabaki genuen Life by You berriz baloratzeko”, azaldu du Liljak Paradoxen foro ofizialean: “Hainbat esparru garrantzitsutan hutsuneak zituela sentitzen genuen”.
Nahiz eta jokatzeko moduko proiektua izan, “guztiz geldiaraztea” hautatu dute azkenik. Life by Youk “indargune interesgarriak” zituela dio CEOak, baina argitaletxearen helburu nagusia “jokalarientzat dibertigarriak, interesgarriak eta desafiatzaileak diren bideojokoak argitaratzea” dela azaldu du, eta “erabaki bakoitza hori lortzera bideratutakoa dela” aldarrikatu.
The Sims sagari aurre egitea helburu zuen indie proiektua zen Life by You: familiak kudeatzen, etxebizitzak prestatzen eta ohiko zereginak antolatzen ibiltzea proposatzea zen asmoa, jokalariek sortutako mundua esploratuz.
Haserrea langileen artean
Willem Delventhal Life by Youren arduradunetako bat bere LinkedIn sarean mintzatu da ezeztatzearen inguruan. “Aspalditik nekien proiektua bertan behera gera zitekeela”, dio; halere, “jokoak oso ondo funtzionatzen zuela” aipatzen du.
Sortzailearen arabera, “proiektuarekin aurrera egiteko oniritzia jaso” zuen estudioak orain egun batzuk, eta “aste pare batean” sarbide goiztiarrean kaleratzeko prest zeuden. Azkenean, baina, Paradoxek “azalpenik eman gabe” alboratu duela kritikatu du garatzaileak, eta langileek “hedabideen bidez” ezagutu dutela proiektuaren itxiera.
Iruzkinak