PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan argitaratuko da martxoaren 27an.

Square Enix taldeak Life is Strange: Reunion ezagutzera eman du. Sagaren jatorrizko protagonisten ibilbideari agur esango dion atala da: Max Caulfield eta Chloe Price maitatuei jarraituko die berriro.

Iragarpen bideoarekin batera, plataformak eta data zehaztu dituzte Deck Nine Games estudioko garatzaileek: PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da martxoaren 27tik aurrera.

2024an estreinatutako Life Is Strange: Double Exposure-k istorioa utzitako unetik jarraituko du azken bideojokoak. Maxek denboran atzera egiteko botereak berreskuratu ditu, erabakiak hartzeko bidea erraztuta; ez hori bakarrik, argazkien bidez iragaranera bidaiatzeko ahalmena lortuko du oraingoan.

Bi protagonistak gidatuko ditugu, bakoitza bere helburuekin eta erabaki sortarekin. Jazoera bitxien artean, pertsonaien ingurukoak hiltzeko arriskua dagoela aipatzen dute arduradunek: gure esku egongo da euren patua aldatzea.

Zaleek Reunionen iragarpena pozik hartu badute ere, ezin daiteke ahaztu frankiziak bizitako bide malkartsuaz. Don’t Nod estudio frantsesak, Life is Strangen sortzaileak, bigarren jokoaren ostean saga alboratu ondoren —Lost Records: Bloom & Rage jaso genuen euren aldetik orain urtebete—, Deck Nine Gamesek hartu zuen jarraipenak garatzeko ardura: taldean giro toxikoa nagusi dela aitortu dute hainbat langilek, eta kaleratzeak ere bizi izan dituzte.

Maxen eta Chloeren istorioaren bukaerarekin asmatzen ote duten ikusi beharko da, beraz. Esan bezala, martxoaren 27an estreinatuko da Life is Strange: Reunion.