Teknologia industriaren krisiaren eraginez proiektu guztiak alboratu behar izan dituzte Aragami-ren sortzaileek.
Lince Works estudio katalanak ateak itxiko ditu bederatzi urte bideojokogintzan eman ondoren. Hamabost pertsonaz osatutako Bartzelonako taldeak erabakia bere webgune ofizialaren bitartez ezagutzera eman du.
“Atsekabe handiz apiriletik aurrera Lince Worksek proiektu berrien garapena era zehaztugabean gelditu beharko duela adierazi nahi dugu”, aditzera eman dute mezuan. La Vanguardia egunkarian David Leon sortzaileak aipatu dutenez, “gure ekoizleetako batek hasiera batean finantzatzeko prest zegoen proiektua geldiarazi egin duelako ixtera derrigortuta gaude”; alabaina, teknologia industriak egun bizi duen krisiaren eraginak ikusten jarraitzen dugu.
Sozietateak irekita jarraituko du, baina ekintza guztiak geldiarazita geratu dira, eta langile guztiei EEE-a aplikatuko zaie. “Azken urteetan egindako lana burutu gabe geratuko dela jakiteak samin handia eragiten digu”, diote arduradunek. Aipatzen dutenez, azken urteetan hainbat IP berri sortzen ibili izan dira, “enpresari bide berria irekita”.
Lince Works ninjak eta isilpeko akzioa batzen dituen Aragami sagarengatik da ezaguna. Frankiziak bi joko ditu: bigarrena Game Erauntsiarekin elkarlanean euskaratu zen iaz, PC-an zein Xbox kontsoletan joko saritura gure mintzarian jokatzea ahalbidetuz. Jokook plataforma digitaletan salgai jarraituko dutela baieztatu dute; are gehiago, sare bidezko multijokalari ezaugarriek abian jarraituko dute.
Bideojokoen garatzaileen artean alarma guztiak piztu ditu berriak. Horren enpresa arrakastatsuak ateak itxi behar izan baditu, gainerako estudioen etorkizuna iluna dela nabarmendu dute askok; iraunkortasuna bermatzeko gobernu erakundeek laguntzak zein baliabideak eskaintzea eta industria sendotzea ezinbestekoa dela aldarrikatzeari ekin diote.
Iruzkinak