Supermassive Games ari da garatzen, Tarsier Studios-en erreleboa hartuta. PCan zein kontsola guztietan argitaratuko da, Switch 2 barne.
Bandai Namco argitaletxeak Little Nightmares Showcase aurkezpena burutu du. Hirugarren atalaren kaleratze data zehaztu dute, besteak beste: Little Nightmares III urriaren 10ean merkaturatuko da.
Iragarpena hainbat bideorekin batera egin dute. Alde batetik, erreserba trailerra daukagu, eta, bestetik, hamar minutuko iraupena duen jokagarritasun bideoa. Bi lagun gazte, Low eta Alone, zein mundu beldurgarria batuko ditu: munstroengandik eta amesgaiztoengandik ihesean ibili beharko gara, babesteko protagonisten arkua eta giltza ingelesa erabilita.
Ohiko premisa errepikatzen bada ere, garatzailez aldatu dute oraingoan Bandai Namcokoek: originalen Tarsier Studios alboratu —REANIMAL interesgarria garatzen dabiltza THQ Nordic-ekin—, eta Supermassive Games hautatu dute hirugarren atala prestatzeko. Until Dawn edo The Quarry beldurrezko jokoen egileak, alegia.
Little Nightmares III PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan kaleratuko dela baieztatuta zegoen, baina aurkezpenean beste plataforma bat nabarmendu da: Switch 2 berrian ere estreinatuko da beldurrezko jokoa. Aipatu modura, urriaren 10ean iritsiko da saltokietara.
Lehenengoaren itzulera, eta errealitate birtualera jauzia
Emanaldi berezia ez da joko berrian ardaztu soilik: iragarpen bereziak egin dituzte Bandaikoek. Esanguratsuena lehen Little Nightmaresen hobetutako bertsioarena da.
Little Nightmares Enhanced Edition izenpean, 4K bereizmena, segundoko 60 fotogramen tasa eta hobetutako efektuak eskainiko ditu, izpien trazadura bidezko islak nahiz argiztapen bolumetrikoa barne. Aldaketa txikiak dira, baina argiarekin horrenbeste jokatzen duen tituluak asko eskertuko dituenak: bi bertsioak alderatzen dituen bideoan ikus ditzakegu berritasunak.
Argitalpen datari dagokionez, mugimendu bitxia egin dute: urriaren 10ean estreinatuko da ofizialki PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2 eta PC plataformetan, baina hirugarren jokoa erreserbatzen dutenek gaur bertan jaso dezakete eguneratutako bertsioa —Switch 2an ez ezik—. Zorionez, originalaren jabeek musutruk jasoko dute Enhanced Editiona.
Errealitate birtualeko LN ezagutu dugu, azkenik. Little Nightmares VR: Altered Echoes deitzen da, baina ez dute askoz gehiago zehaztu: plataformak zein argitalpen data ezezagunak dira oraindik.
Iruzkinak