Txirrindularitzaren munduari eutsita, aurreko urteetako bertsioak hobetzen eta hedatzen jarraitu dute. Doan eta euskaraz jaitsi daiteke.

Xagu Studiosek Live Cycling Manager 2026 kaleratu du. Android eta iOS sistema eragileak erabiltzen dituzten gailuetan joka daiteke dagoeneko: Play Store zein App Store saltokietan aurkituko dugu.

Aurreko bideojokoen eguneraketa handia dela esan daiteke; izan ere, LCM 24ren eraberritutako bertsioa da aurtengoa. Horrela, aldez aurretik eratutako oinarriak sendotzen eta ezaugarriak areagotzen dihardute donostiarrek.

Txirrindularitza simulagailuaren aurrean jarriko dira erabiltzaileak. Taldea eratuz hasiko dira, ondoren, beste 40 talderen aurka aritzeko. Kirolariak kontratatuta, hauek entrenatzeari eta zaintzeari ekin beharko zaio, bakoitzaren estatistikak hobetuz; gainera, ekipamendua, publizitatea eta beste zenbait alor ere landu beharko dituzte jokalariek.

Menuetatik nabigatzen ariko gara gehienbat, baina, lasterketak hasterakoan, txirrindulariei aginduak emateko unea helduko da. Aipatutakoak hobetzea izan da 2026ko edizioaren helburua: txukundutako interfazea eta akats txukunketak ikusiko ditugu eguneratutako Live Cycling Managerren.

Bideojokoa, gainerakoak bezala, dohainik eskura dezakegu. Are garrantzitsuago, euskaraz jokatzeko aukera dago: jokoaren menu nagusian gure hizkuntza bilatu baino ez dugu egin behar.

Android eta iOS gailuetan argitaratu dela esan dugu lehenago, baina Google-tik Android jokoak PCan exekutatzeko emulagailu ofiziala inplementatu dutela nabarmendu beharra dago: hori horrela, LCM26ren Play Storeko orrialdean Windows ordenagailutik sartuz gero, jokoa instalatzeko tresna guztiak jaisteko aukera agertuko zaigu.