Megagon Industries taldeak dagoeneko kaleratu du DLC-a: maila, girotze zein eduki estetiko berriak gehitzen dizkio 2019ko bideojokoari.
Lonely Mountains: Downhill txirrindularitza zaleentzako altxorra da: mendiko txirrindularitzan ardazten da, ohiko errepideko txirrindularitza bideojokoetatik aldentzen den lan independentea dugu. Ustekabean eduki gehigarri berria aurkeztu du, gainera: Redmoor Falls dohainik eskuratu dute jokoaren erabiltzaileek.
Eskuratu, Megagon Industrieseko arduradunek dagoeneko kaleratu baitute. PC, PlayStation, Xbox nahiz Switch plataformetako jokalariek dagoeneko jaisteko mendi berrian ibil daitezke bizikleta gainean. Hori da DLCaren berritasun nagusia: mendiak, ohi bezala, ziztu bizian zeharkatzeko ibilbide desberdinak batuko ditu. Horrez gain, elementu estetiko berriak ere iritsiko dira titulura.
2019an kaleratua, Lonely Mountains: Downhillek balorazio bikainak jaso zituen bai prentsaren, bai zaleen eskutik. Ordutik hona hainbat DLC jaso ditu: 2020an estreinatu zen ordainpeko Eldfjall Island, baina azken hilabeteotan doako Riley’s Return eta Misty Peak iritsi ziren, guztiek ibilbideak zein bestelako edukiak gaineratuta.
Arkade mekanikak biltzen dituen arren, joko zorratza da Lonely Mountains. Marka guztiak hausteko bizikleta modu aproposean kontrolatzen ikasi beharko dugu, baita ibilbideetako birak eta jauziak ezagutu ere.
Low poly estetika koloretsuak arreta erakartzea lortzen du: bideojoko txiki zein ederra da Megagonena. Egia esan, lan aproposa da noizbehinka jokatzen dutenentzat naiz erronkez gozatzen dutenentzat.
Esan bezala, Redmoor Falls dagoeneko eskuragarri dago bideojokoa estreinatu den plataforma guztietan; aipatutakoez gain, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan ere aurki daiteke.
Iruzkinak