PCan nahiz Switch-ean estreinatu zen maiatzean. Simogo estudioaren lanak urteko jokorik onenaren hainbat hautagaitza jaso ditu.

Lorelei and the Laser Eyesen proposamen interesgarria PlayStation 5 eta PlayStation 4 gailuetara iritsiko da. Annapurna Interactive argitaletxeak abenduaren 3rako ezarri du merkaturatze eguna iragarpen trailer bereziarekin.

Europan galdutako hotel misteriotsua esploratzeari ekingo diogu abentura bitxi honetan. Emakume baten rola jokatuta, Resident Evil sagan edo survival horror klasikoetan ikusitako puzzleak aurkituko ditugu, ihes gela kutsuarekin. Hein batean, Professor Layton maitatuen egitura ere bereganatzen duela esan daiteke.

Istorio ez linealarekin, erronka desberdinak ahal eta nahi bezala gainditzen joatea izango da gure helburua. Jokoaren ingurukoak hor uztea da egokiena, ziurrenik: interesa baduzu, ez zara damutuko.

Izan ere, Simogo indie estudioaren obra ordenagailuetan eta Nintendo Switch kontsolan estreinatu zen pasa den maiatzean, balorazio ikaragarriak eskuratuta bai prentsaren, bai jokalarien aldetik. Hori horrela, aurtengo jokorik onenen hautagaitzetan aurki dezakegu: The Game Awards 2024an, adibidez, urteko jokorik onenaren nahiz indie jokorik onenaren kategorietan proposatu dute.

 

Annapurna, langilerik gabe

Arestian aipatu modura, Annapurna Interactive indie argitaletxearen esku dago Lorelei and the Laser Eyes: maiatzeko bertsioak argitaratu zituen, eta gauza bera egingo du datorren hilabetean PlayStationekoekin.

Gaur egun egoera bitxia bizi du enpresak: irailean lantalde osoak dimisioa aurkeztu zuen, talde nagusitik banatzeko negoziaketek huts egin ondoren. Annapurna Pictures enpresa nagusiak iragarritako bideojokoak babesten jarraitzeko helburua iragarri zuen garai hartan.