Fundatzaileen paketea erosi dutenek soilik jolas dezakete momentuz: otsailaren 11n zabalduko da doako obra hau gainerako jokalarientzat.
Lost Ark 2019an Smilegate estudioak estreinatutako obra multijokalari korearra da. Orain, Steam plataforma digitalera iritsi da Amazon Games banatzailearen eskutik. Sekulako arrakasta lortuta estreinatu dela ikus daiteke SteamDB webgunean: guztira 532.476 jokalari batzea lortu du lehen 24 orduetan.
Ikaragarrizko zenbakiak diren arren, estreinaldi mugatua eduki duela nabarmendu beharra dago; izan ere, jokalari zehatz batzuek bakarrik jolas dezakete MMORPGra: fundatzaileen paketea erosi dutenek, hain zuzen ere.
Hortaz, etzi, otsailaren 11n, ofizialki mundu osoak joka dezakeenean zenbateko hori nabarmen haztea aurreikusten da. Twitch-en ere aparteko arrakasta eduki du: 1,2 milioi ikusle bildu dituzte Lost Arken zuzenekoek; hau Amazonen jokaldiari esker dela suposa daiteke baita: zuzenekoetan hainbat drop edo opari banatzen dituzte ikusleen artean.
Diablo estiloko joko honek fantasia, borrokak eta rol elementuak batzen ditu. Pertsonaia mota desberdinek abilezia, ezaugarri eta berezitasun propioak dituzte; horrez gain, azpimotak ere daudela nabarmendu beharra dago, konplexutasun maila areagotuta.
Ehundaka etsairen aurka egingo dute jokalariek bakarka zein taldeka; ez hori bakarrik, beste jokalarien aurkako dueluak bizitzeko aukera dago. Esploratzeko mundu erraldoia eta sekretu mordoa agintzen dituzte garatzaileek.
Lost Ark otsailaren 11n estreinatuko da ofizialki Steam saltokian.
Iruzkinak