Lost Judgment izenpean PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan kaleratuko dute SEGAkoek.

Ezusteko handirik eta filtrazioetatik ihes egitea lortu gabe iragarri du SEGAk Yakuza sagaren hurrengo atala. Mafisioen jokoen spin-off Judgmentekin harremana zeukan atzerako kontaketa hasi zuten japoniarrek, baina bukatu aurreko orduetan PlayStation Store japoniarrean filtratu zen: Lost Judgment deituko da Takayuki Yagami detektibearen bigarren abentura.

Masaharu Kaito adiskidearekin itzuliko da Yagami hilketa, drama eta mafiosoez betetako bideo-jokorako. Krimen perfektua ikertzeko lana hartuko dute, eta hortik aurrera sagan ohikoak diren konspirazioetan murgilduko dira protagonistak. Ikerketak eta ezkutuan aritzea Yagamiren ohiko zereginak izango dira, baina beat 'em up erako jokoa izango da hau: kolpeak uneoro ikusiko ditugu, azken Yakuza: Like a Dragon jokoan ikusitako txandakako RPG abenturatik aldentuta.

Aurreko jokoan gehitutako mekanikak hobetuko dituztela adierazi du Toshihiro Nagoshi zuzendariak jokoaren aurkezpenean. Izan ere zale asko kexatu ziren ikerketa minijokoen funtzionamenduaz, eta garatzaileek eskakizunak kontuan hartuko dituzte oraingoan.

Bestalde, ohiko egitekoak izango dituzte jokalariek Lost Judgmenten: Japoniako gune arriskutsuak esploratu, gaizkile mordoaren aurka borrokatu, istorio dibertigarrietan parte hartu eta gehiago egin beharko da mafiosoen sagako hurrengo lanean. Yakuza Like a Dragon abenturan lehen aldiz ezagututako Isezaki Ijincho bisitatuko dute baita protagonistek; Yokohamako gunea Tokioko Kamurocho eta Osakako Sotenbori eremuei gehitu zitzaien.

Azken urteetan Yakuza jokoek sekulako oihartzuna lortu dute mendebaldean. Hori dela eta, nazioartean aldi berean estreinatuko den sagako lehen jokoa izango da Lost Judgment. Irailaren 24an helduko da PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletara.

PCko bertsioari dagokionez, momentuz ordenagailuetara iritsi gabe geratuko dela adierazi dute japoniarrek. Hala ere, hainbat zalek ikusi zutenez, Steamerako eta Windows 10erako bertsioak aipatzen ziren jokoaren webgune japoniarrean. Informazio hori ezabatu egin du SEGAk.

Izan ere, jatorrizko Judgment ere PCan argitaratu gabe geratu da; apirilean birmasterizazioa eduki zuen lehen abenturak PS5, Xbox Series eta Stadia zerbitzurako.