Lehen aldiz 2016an erakutsitako akziozko RPG jokoaren xehetasun berriak eskaini ditu UltiZero Games garatzaile txinatarrak.
Txinako bideo-jokoen estudioak gero eta nabarmenagoak izaten ari dira nazioarteko zaleen artean. Azken urteetan era guztietako obra arrakastatsuak ikusi ditugu garatzaile txinatarren eskuetatik: Genshin Impact aipatzea derrigorrezkoa da. Horrez gain, etorkizunera begira Black Myth: Wukong moduko joko interesgarriak datoz herrialde honetatik.
Bidean galduta geratu diren lanak ere daude, baina oraingoan sarean berriz agertu den proiektu ezagun baten txanda dator. 2016an PlayStation 4rako proiektua aurkeztu zuen Bing Yang garatzaileak: bakarka prestatzen ari zen Lost Soul Aside izeneko joko ikusgarria erakutsi zuen ordu hartan.
Bideo-jokozaleen begirada guztiak erakarri ondoren PlayStation Experience 2017 eta ChinaJoy 2018 aurkezpenetan erakutsi zuen berriz Devil May Cry edota Bayonetta gogora ekartzen dituen akziozko RPG hau, baina ordutik hona desagertuta egon da Yangen proiektua.
Hala ere sare sozialetan aurrerapen txikiak egiten ibili da azken egunotan, eta azkenean jostagarritasun trailer luze batekin UltiZero Games garatzaileak Lost Soul Asiden berritasunak eskaini ditu. Hemezortzi minututan atal grafiko aparta duen proiektua ikus daiteke: jatorriz PlayStation 4rako iragarri zen eta Sonyren kontsola zaharrean argitaratzeko asmoarekin jarraitzen dute arduradunek, baina azken irudi horiek PlayStation 5eko bertsiokoak dira, eta nabari da.
Argi dago lehen aipatutako hack and slashen mekanikak eta estetika bereganatzen dituela Lost Soul Aside honek, baina RPGa denez beste elementu gehigarri batzuk edukitzea ere espero da.
Jokoak ez bakarrik, estudioak ere aldaketa handiak jasan ditu. Bakarka lan egitetik 30 pertsonako taldearekin garatzera igaro da Yang, Daniel Ahmad txiolari ezagunak jakitera eman duenez.
Argitaratze datarik gabe jarraitzen du UltiZeroren proiektuak. Halere, bihar PlayStation Chinak egingo duen aurkezpen digitalean azaltzea aurreikusten da.
Iruzkinak