ChillyRoom txinatarrak Prince of Persia eta God of War zaharren esperientzia biziberritu nahi du. PC eta PS5 plataformetan estreinatuko da.
Loulan: The Cursed Sand aurkeztu du ChillyRoom estudioak PlayStation China Hero Project ekimenaren aterpean. Akziozko RPG itxurosoa aspaldiko abenturen xarma berreskuratu nahian dator.
Zetaren bidean kokatuko gaitu tituluak. Madarikatutako hareak izena jasotzen duen protagonista gidatuko dugu: printzesa maitatuagandik banatu den guarda erreala.
Bizitza galduta, bi itxuren artean aldatuko du pertsonaiak: alde batetik, hezurrezko itxura edukiko du, eta, bestetik, harezkoa. Abilezia eta gaitasun desberdinak eskainiko dizkiote, bien artean aldatzen joatea ezinbestekoa izanik puzzleak eta erronkak gainditzeko.
Ikuspegi zenitalarekin, bullet hell kutsua har dezake bideojokoak, Hades bezalakoak gogora ekarrita. Arma desberdinak erabiliko ditugu borroka frenetiko bezain ikusgarrietan dozenaka arerio garaitzeko; nola ez, buruzagi erraldoien kontrako dueluak ere agintzen dituzte egile txinatarrek.
Aurkezpen ederrarekin begirada guztiak erakartzea lortu dutela esan beharra dago: Loulan erresumak bitxia eta xarmagarria dirudi, eta, joko klasikoen usain horrekin, jokalari gazteak zein helduxeagoak harrapatzeko aukera dauka Loulan: The Cursed Sandek.
Ordenagailuan nahiz PlayStation 5 kontsolan estreinatuko bada ere, argitaratze datarik gabe iragarri dute jokoa ChillyRoom taldekoek.
Lander Unzueta
Iruzkinak