GameCube kontsolaren estreinaldiko lehen bideojokoetako bat izan zen 2001. urtean. Mario anaiaren bila jarriko du Luigi gizajoa etxe madarikatutik zehar.
Nintendo Switch 2 gailuaren kontsola birtual zerbitzuak GameCube kontsolako obra berria jasoko du. Luigi’s Mansion maitatuaren beldurrezko abentura dibertigarria urriaren 30ean iritsiko da Nintendo Switch Online harpidetzara.
Luigik etxe bat jasoko duela jakin du, eta, Mario anaiari elkarrekin ospatzeko deia eginda, etxebizitza berria ezagutzera abiatzen da. Heltzerakoan, zerbait bitxia gertatzen ari dela ikusiko du… mamuen eta bestelako espirituen bizilekua baita madarikatutako etxe erraldoia. Okerrena: ez dago Marioren aztarnarik, eta berdez jantzitako anaia bakarrik barneratu beharko da iluntasunean.
Resident Evil klasikoen premisa hartzen duen abenturari ekingo dio Luigi beldurtiak, giltzak aurkituz etxebizitzako gela desberdinetan sartzeko eta puzzleak gainditzeko; aurretik, baina, Poltergust 3000 xurgagailua jasoko du E. Gadd irakasle arraroaren eskutik. Horri esker, mamuei aurre egiteko gai izango da, baina lehenik esku argiarekin argiztatu beharko ditu.
2001ean estreinatutako jokoa ezusteko hutsa izan zen. Nintendok Mario protagonista izatea alboratu, eta joko mota zeharo desberdina proposatu zuen Luigi’s Mansionekin. GameCubearen estreinaldiko izar nagusia izan zela kontuan hartuta —Wave Race: Blue Storm, Super Monkey Ball edo Star Wars Rogue Leader: Rogue Squadron II zoragarriak ere iritsi ziren kontsolarekin batera, hori bai—, apustu handia izan zen. Askok gorrotatu zuten horietakoa, baina, denbora igaro ahala, Luigiren lehen abentura joko benetan maitatuan bilakatu da.
Frankiziak bi atal berri jaso ditu ordu hartatik: Luigi’s Mansion 2 zein Luigi’s Mansion 3 ere Switch 2 kontsolan joka daitezkeela nabarmendu dute Nintendotik, trilogia osoa gailu berean dagoela aldarrikatuz.
Harpidetzari dagokionez, Switch 2a ekainaren 5ean estreinatu zenetik The Legend of Zelda: The Wind Waker, F-Zero GX, SoulCalibur II, Mario Smash Football eta Chibi-Robo! Plug Into Adventure! tituluak gehitu dituzte Nintendo GameCube Classics atalera.
Luigi’s Mansion Switch 2aren Nintendo Switch Online (+ Expansion Pack) harpidetzan estreinatuko da urriaren 30ean.
Iruzkinak