PlayStation 5 eta PC plataformetan estreinatuko da. Demoarekin proba dezakegu, baina bihar desagertuko da.

Lumines Arise azaroaren 11n argitaratuko dela aurreratu dute Monstars garatzaileak eta Enhance argitaletxeak. Puzzle jokoen saga ezagunak Panel de pon erako partida amaigabe ikusgarriak proposatzen ditu.

Erortzen dabiltzan 2x2ko laukiak gidatu beharko ditugu, kolore berekoak batera kokatuta eta lauki erraldoia osatuta. Antzeko jokoekin daukan desberdintasun nagusia erritmo aldetik dator: musikarekin batera doan lerroaren parera heltzerakoan lortuko ditugu puntuak, estrategia eta bizkortasuna sarituz.

Burst mekanika sartzen da tartean, baina: denbora izozteko abilezia eskaintzen digunez, lauki sare erraldoiak prestatu ahalko ditugu puntu gozoak batzeko unea iritsi aurretik. Horri lotuta egongo da Burst A Move izeneko multijokalari modalitatea: aurkariari ahalik eta laukirik handiena bidaltzea izango du helburu joko motak, baina berak jaurtitako zaborra kudeatzen ere ibili beharko da.

Girotzeko desberdineko 35 maila agintzen dituzte egileek Arise berriarentzat. Hydelic ezagunaren soinu bandarekin batera zaleak erakartzea bilatzen dute: Tetris Effect: Connected zein Rez Infinite’s Area X arrakastatsuetako musikagilearekin errepikatuko dute berriro.

Errealitate birtualerako ezaugarriak ere bilduko dituzte: SteamVR nahiz PS VR euskarriarekin puzzle ikusgarriak are ederragoak izatea bilatzen da.

Jokoa argitaratu aurretik demoarekin probatzeko aukera daukate jokalariek, baina laster desagertuko da Steam zein PlayStation Store saltokietatik: bihar bertan bukatuko da probaldian aritzeko epea.

Azaroaren 11n merkaturatuko da Lumines Arise PCan eta PS5ean.