Lainotik bideojokoetara jokatzeko harpidetza zerbitzua 100 joko baino gehiagorekin estreinatu da AEBetan. Twitchentzako euskarria edukiko du.
Amazonek Luna izeneko laino bidezko zerbitzu digitala iragarri du. PC, Mac, Android, iOS, Fire TV eta beste hainbat plataformen bidez funtzionatuko du.
Zerbitzua AEBetan abiarazi dute momentuz; ez dute zehaztu noiz iritsiko den gainerako herrialdeetara. 5,99 dolarren truke Metro Exodus, Resident Evil 7 eta Control bezalako 100 bideojoko baino gehiago eskaintzen dituen harpidetza eskuratu daiteke: 4K-ko bereizmenera eta 60 irudi segunduko tasara jokatu ahal da horietara. Harpidedun bakoitza bi gailu desberdinetatik aritu ahalko da aldi berean.
10 megabit segunduko gutxieneko abiadura gomendatu dute zerbitzuaren arduradunek; 4Kra jokatzeko 35 megabit segunduko konexioa beharrezkoa izango da. Datuen erabiltzaileentzako oharra bota dute: 1080p-ra 10GB datu kontsumitu daitezke orduro.
Kanalak deitutako harpidetza osagarriak ere aurkeztu dituzte Amazonekoek. Luna+ oinarrizko kanalaren ostean ikusiko dugun lehen kanala Ubisoftena izango da: oraindik zehaztu gabeko kopuru osagarria ordainduta kanal horietan batutako bideojoko bilduma desberdinetara jokatu ahalko da.
Zerbitzuak Luna Controller izeneko aginte propioa izango du. 69,99 dolarretara salduko da, eta Wi-Fi bidez konektatuko da zerbitzura; bluetooth bidezko aginteek duten 17 eta 30 milisegundoko atzerapena saihestuko dute horrela. Hala ere, Xbox eta PS4ko aginteak ere erabili ahal dira, baita teklatua eta sagua ere.
Twitch plataformarako euskarria ere agindu dute arduradunek. Xehetasun askorik eman gabe, Lunatik Twitcheko zuzenekoak ikusi eta horietatik zuzenean jokoetara igarotzeko aukera egongo dela zehaztu dute.
Iruzkinak