Survivors azpigeneroko jokoa eratzen ari da whipli garatzailea. Otsailaren 2an argitaratuko du.
Ehundaka munstroren aurkako borrokak, mailaz igotzea eta armak zein objektuak eskuratuta are sarraski handiagoak eragitea helburu duen Lunar Tide ezagutzera eman du whipli sortzaileak. Euskaraz iritsiko da, gainera: gure mintzairan kaleratuko du ofizialki.
Vampire Survivors klona da, hortaz, Lunar Tide. poncle sortzailearen proposamenari eta estetikari helduko dizkio, bere ideiak gehitzeko. Girotzea ere antzekoa izango da: Castlevania klasikoetako sprite eta diseinu ugari hartuko ditu whiplik.

Lau pertsonaia moten artean hautatuta, armategi ikaragarria desblokeatuko eta lortuko dugu: partidak aurrera egin ahala su bolak, tximistak, denetariko magiak eta bestelako abileziak erabiliko dituzte protagonistek. Guztira 25 bat arma eta abilezia agintzen ditu sortzaileak, horien artean sinergiak sortzeko aukerarekin.
“Porrota bidaiaren parte da”, dio, roguelike mekanikei keinu eginda. Partidak galdu arren, egindako aurrerapenekin behin betiko edukiak eskuratuko ditugu, hurrengo saialdian egunsentia ikusi arte bizirauteko. Une horretan, maila bakoitzeko etsai nagusia azalduko zaigu.
Steam bidez salduko da Lunar Tide. Euskaraz iritsiko da, esan bezala, baita katalanez eta galegoz ere, otsailaren 2an.
Lander Unzueta
Iruzkinak