Etxeko txikienentzako minijoko sorta prestatu du Kokoak-en arduradunak: eskulanak eginez euskarazko hitzak irakastea da helburua.

Euskaraz argitaratu den azken bideojokoa haurrei zuzendutakoa da. Kokoak taldeak Maeiour aurkeztu zuen joan den ostiralean Durangoko Azokan egindako Gamer Gelan: euskaraz marraztu beharko dute etxeko txikienek.

Hala izanik, obra koloretsuaren eta alaiaren aurrean gaude. Hezkuntzari lotutakoa da, batez ere, Eider Eibar haur literaturako ilustratzaile zornotzarrak prestatutako titulua; hori horrela, euskarazko hitzak ikasiko dituzte haurrek.

Minijoko txiki desberdinak bilatzea eta gainditzea izango da horretarako bidea. Hitzak osatzea, irudiak margotzea —edo ezabatzea—, puzzleak osatzea eta beste hainbat ekintza proposatzen ditu Maieourrek. Horiek gaindituz gero, koloretako margoak eskuratuko ditugu: guztiak lortzean, minijokoan agertutako animalien, kokoen eta beste izakien irudia koloreztatzeari ekin ahalko diogu.

Biltzen dituen hamabost jokoekin esperimentatzea, irudimena piztea eta ikastea da, beraz, Maieourren xedea. Euskara hutsean egoteaz gain, guztiz doakoa dela azpimarratu beharra dago: nabigatzailearen bidez joka dezakegu Kokoaken web orrialdean.

Eibar ilustrazioez arduratu da, baina berarekin izan dira Iskander Sagarminaga, Josu Cobelo, Ana Galarraga, Zuri Alvarez eta Mikel Iraurgi Maeiour garatzeko.

2020an kaleratutako Kokojokoa tituluaren jarraipena dela esan daiteke, modu batean: hau webgune berean aurkituko dugu, baita Play Store eta App Store saltokietan ere.