XX. mende hasierako mafioso italiarrak izango dira protagonista oraingoan. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatuko dugu.

2K Games argitaletxeak Mafia: The Old Country kaleratze data zehaztu du. Abuztuaren 8an estreinatuko du mafiosoen saga ezaguneko atal berria.

Girotzez eta aroz aldatuko gara, beste behin, oraingoan atzera eginez: 1900. urteko Sizilian kokatuko da istorioa. Enzo Favara-n bilakatuko gara, Cosa Nostra-ren aurrean bere balioa erakutsi behar duen gaztean.

Jokagarritasun gutxi erakusten digun gameplay bideoarekin egin dute argitaratze egunaren iragarpena. Tiroketak eta isilpeko atalak agertzen dira bertan, baita gidatze mekanikak ere: garaiko ibilgailuak gidatuko ditugu, baina zaldi gainean ibiltzeko aukera ere egongo da.

Garatzaileek “esperientzia lineala” azpimarratu dute: aurreko Mafia jokoak GTAren egitura edukitzen zutenez, The Old Countryrekin beste premisa bat aurkeztuko ote duten ikusi beharko dugu, edo, behintzat, libreki esploratzeko mundu irekian murgilduko garen.

PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da Mafia: The Old Country abuztuaren 8an.