Azken adabakiak berrikuntza mordoa dakartza. Nintendo Switchean zein PCan jokatu daiteke Abra eta Kadabra sorginen puzzlez betetako jokora.
Flying Beast Labseko garatzaileek beraien azken jokoaren lehen eguneraketa handia kaleratu berri dute: Magic Twins koloretsuak era guztietako aldaketa eta hobekuntzak jaso ditu adabakiarekin. Horien artean aurkitzen da joko kooperatibo hau euskara hutsean gozatzeko aukera.
Estudioko Asier Fernandez Irazabal garatzaile euskalduna arduratu da itzulpen prozesuaz. Horrela, arkade estiloko puzzleak batzen dituen abentura magikoa hasieratik bukaerara arte jokatu daiteke bai PCan zein Nintendoren kontsola hibridoan. Euskara ez da izan gehitutako hizkuntza bakarra: mallorkera ere gehitzeaz arduratu dira garatzaileak.
Abra eta Kadabra sorginak izango dira Magic Twinseko protagonistak. Biki magikoak elkarlanean aritu beharko dira errituetan botere kromatikoa erabilita kolorezko izakiak garaitu eta Colormageddon apokaliptikoa ekiditeko. Izan ere, Mallorcako sorginen eskolako lehen araua hautsi dute arropak tindatzerako orduan magia erabilita.
Aztikeriak ez dira zertan konplexuak izan behar, eta erritu hauek puzzle forma hartuko dute: eraso gorriek etsai gorriak garaituko dituzte, urdinek urdin kolorekoak… Azkar ibili beharko dira sorginak, errituak aurrera egin ahala etsaien kopuruak gora egingo baitu. Gainera elkarri erasotzea posible izango da arretaz ibiltzen ez badira. Garatzaileen esanetan, Magic Twinsek “Puzzle Bobble, Plants vs Zombies eta Overcooked bezalako bideo-jokoen elementurik onenak batzen ditu”.
Elkarlana, jokoaren ardatza
Etsaiak akatzeko, beraz, bi sorginen arteko komunikazioa ezinbestekoa izango da. Abentura kooperatiboak bi jokalarik sorgin bakoitza kontrolatzea proposatzen du elkarlanean aritzeko. Elkarri oihuka aritzea normalena izango da tentsio uneetan, maila desberdinek erronka propioak edukiko baitituzte. Horrez gain askotariko joko motak eta ekimen bereziak ere biltzen ditu Magic Twinsek.
Garatzaileek lagun batekin jokatzea gomendatzen badute ere, bakarka aritzeko aukera dago. Hori hobetzeko lanean aritu dira azken eguneraketa honetan: adimen artifizialak kontrolatutako sorgina modu adimentsuagoan ariko da, eta eraginkorragoa izango da etsaiengandik defendatzeko orduan.
Jokoak proposatutako zailtasuna nahikoa ez baldin bada, jokalari bakarrarentzako ezkutuko joko mota gehitu dute. “Sorgin profesionalentzat soilik” egindakoa dela aldarrikatzen dute garatzaileek, zailtasuna maila berri batera eramaten baitu.
Aipatutakoekin batera aldaketa txiki zein handi mordoa prestatu dituzte adabakiarekin. Erritu zehatz bateko abestia birgrabatu egin dute Fernandezek berak gitarra elektrikoarekin jotako bertsioa gehitzeko. Oreka hobetzeko lanean ere ibili dira garatzaileak erabiltzaileek emandako feedbackari erantzuna emateko. Kontrolak aldatzeko aukera ere gehitu dute hainbat arazo zuzentzeko asmoarekin.
Magic Twins Switchean zein PCan jokatu daiteke; ordenagailuetan Steam bidez salgai dago Flying Beast Labsen euskaratutako abentura.
Iruzkinak