Genero guztietako bideojoko interesgarriak jasoko ditugu hilabete honetan: akzioa, estrategia zein RPG lanak ikusiko ditugu.

Maiatzean sartu gara, eta, egia esan, bideojokalariek asko espero zuten hilabetea dela esan beharra dago. Ez da harritzekoa, urteko estreinaldirik handienetakoak baitatoz datozen egunotan nahiz asteotan.

Link eta Zelda heroiak Tears of the Kingdom desiratuan ikusiko ditugu berriz; Arkane tiro joko kooperatiboetan murgilduko da Redfallekin; Hogwarts Legacy arrakastatsua plataforma gehiagotara iritsiko da; Eraztunen Jaunaren zaleek ere badute zer jokatu Gollum doilorraren abenturarekin.

Ohi bezala, bakoitzaren kaleratze data zein plataformak errepasatuko ditugu. Joan gaitezen motorrak berotzen!

 

Redfall

  • Argitaratze data: 2023-05-02
  • Garatzailea: Arkane Studios / Bethesda
  • Generoa: Akzioa, Lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Banpiroak, armategi zabala, botere bereziak eta esploratzeko mapa erraldoia biltzen ditu gaur bertan estreinatuko den Redfall interesgarriak. Arkanekoek immersive sim generoa guztiz alboratu dute Left 4 Dead, Far Cry eta heroien tiro jokoak uztartzen dituen obra garatzeko.

Interesgarriena, zelan ez, kooperatiboan jokatzeko aukera da: lau lagunek elkarrekin gaindi dezakete Redfalleko abentura. Lehen kritikak ezkorrak izan badira ere, ordenagailuetako eta Xbox Serieseko jokoa gaurtik aurrera probatzeko aukera izango dugu; zelan ez, Game Pass bidez ere joka dezakegu.

 

Hogwarts Legacy

  • Argitaratze data: 2023-05-05
  • Garatzailea: Avalanche Software / Warner Bros. Games
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PlayStation 4, Xbox One

Hogwarts Legacy da, zalantzarik gabe, urteko lanik handienetakoa. Harry Potter aztiaren unibertsoan girotutako abentura otsailean estreinatu zen ordenagailuetan eta egungo belaunaldiko kontsoletan; orain, baina, PS4ko eta Oneko bertsioen txanda dator.

Hogwarts gaztelua eta bere inguruak esploratzera eramango gaituen mundu irekiko jokoa da HL: aztikeriak ikasiko ditugu, ziega misteriotsuak zeharkatuko zein borroka latzetan parte hartuko. Uztailean, gainera, Nintendo Switch kontsolako bertsioa ere jasoko dugu.

 

Darkest Dungeon 2

  • Argitaratze data: 2023-05-08
  • Garatzailea: Red Hook Studios
  • Generoa: RPG, roguelike
  • Plataformak: PC

Rol partidak eta roguelike elementuak beldurrezko lovecraftiar elementuekin batzen dituen Darkest Dungeon maitatuak jarraipena kaleratuko du egun batzuk barru.

Sarbide goiztiarrean egon da hainbat hilabetez; beraz, zale amorratuenek badakite zer aurkituko duten bertan: ausazkotasunez betetako txandakako borroka gogorrak biziko ditugu. Gure taldea kudeatzen ibili beharko gara; izan ere, arriskurik handiena ez dator munstroen aldetik, eromenetik baizik.

 

The Legend of Zelda: Tears of the Kindgom

  • Argitaratze data: 2023-05-12
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: Nintendo Switch

Urteko bideojokorik desiratuena maiatzaren 12an merkaturatuko da. Tears of the Kingdom The Legend of Zelda: Breath of the Wild sarituaren jarraipen zuzena dugu: oraingoan Hyrule erresumako zeruak zein lurrazpia ezagutuko ditugu.

Botere berriek horretan lagunduko digute, gainera: Linkek duen esku misteriotsuak hainbat abilezia eskainiko dizkigute. Zoritxarrez, estreinaldi polemikoa bizitzen ari da Nintendoren titulua: jokoa dagoeneko sarean filtratu da, eta honen irudiak barra-barra zabaltzen ari dira.

 

The Lord of the Rings: Gollum

  • Argitaratze data: 2023-05-25
  • Garatzailea: Daedalic Entertainment
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5 eta Xbox Series

Gollum izakia da Eraztunen Jaunaren hurrengo bideojokoaren erabateko protagonista. Argi dago ez dela gehiengoak nahi zuena; hala eta guztiz ere, Daedalic Entertainmentekoak begirada erakartzeko gai den titulua prestatzen ibili dira.

Isilpea eta Tolkien-en lurraldeetako hainbat kokaleku desberdin bilduko ditu tituluak: elfoak nahiz orkoak ezagutuko ditugu, nola ez.

 

System Shock

  • Argitaratze data: 2023-05-30
  • Garatzailea: Nightdive Studios
  • Generoa: Akzioa, immersive sim
  • Plataformak: PC

1994. urteko System Shock klasikoaren berregitea izango da maiatzeko azken jokoetako bat. Nightdive Studio taldeak 2016an abiatutako finantzaketa kanpainarekin hasi zuen garapena; hainbat oztopo izan ostean, azkenik estreinatuko da bertsio berria.

Espazio estazio beldurgarria bisitatuko dugu hemen: Shodan izeneko adimen artifizialak bere bizilagun guztiak akatu ditu, eta gauza bera egin nahi du Lurreko gizaki guztiekin. Gure helburua, nola ez, bera geldiaraztea izango da.