The Midnight Walk, To a T, Blades of Fire edo AoE II mitikoaren PS5eko bertsioa ikusiko ditugu, gainera, egunotan.

Maiatzean sartu gara, bideojokoentzat indartsua eta berezia izateko ohitura duen hilabetean. Urteko estreinaldirik handienetako batzuk jasoko ditugu, izan ere: Doom: The Dark Ages tiro jokoen zaleak desiratzen dabiltzana dugu, baina FromSoftware-n jarratzaileak banatuko dituen Elden Ring Nightreign ere badator egunotan.

Konami-k argitaratuta, Deliver at All Costs itxurosoan aritzeko aukera edukiko dugu; bestalde, Microsoft-ek Age of Empires II: Definitive Edition arrakastatsua PlayStation-era eramango du azkenik.

Horiez gain, denetariko obra independete itxurosoak estreinatuko dira hilabete honetan. The Midnight Walk, Pipistrello and the Cursed Yoyo, To a T, Blades of Fire edo American Arcadia aipatu beharrekoak dira.

 

Age of Empires II: Definitive Edition

  • Argitaratze data: 2025-05-06
  • Garatzailea: World’s Edge / Microsoft
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PS5

AoE II da, inolako zalantzarik gabe, estrategia generoaren jokorik mitikoena. PCan 2019. urtean estreinatu zen Definitive Edition birmasterizazioa PS5era iritsiko da Xbox kontsoletatik igaro ondoren. Ez du aurkezpen handiegirik behar: 45 zibilizazio baino gehiago eta dozenaka kanpaina biltzen dituen denbora errealeko estrategia jokoak eguneratutako atal grafikoa jaso zuen.

PS5eko tituluak aginteentzako eta joko gurutzatuarentzako (crossplay) euskarria dauka, noski, eta hiru espantsio handirekin batera dator: Lords of the West, Dynasties of India eta Dawn of the Dukes barnean dakartza. Gainera, egun berean The Three Kingdoms izeneko espantsio guztiz berria jasoko du bideojokoak PS5ean zein Xbox eta PC bertsioetan.

 

The Midnight Walk

  • Argitaratze data: 2025-05-08
  • Garatzailea: MoonHood
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PS5, PC

MoonHood estudioak aurtengo beldurrezko bideojokorik berezienetakoa argitaratuko du maiatzaren 8an. The Midnight Walkek Lborrokak eta puzzleak proposatuko dizkigu lehen pertsonako ikuspegian. Claymation estetika nabarmentzen da, baina: The Nightmare Before Christmas bezalako filmeak gogora ekarriko ditu.

Agintearekin pantaila arruntetan jokatzeaz gain errealitate birtualean gozatu ahalko dugu: PS VR2 kaskoekin zein PCko gailuekin —Meta Quest, Valve Index edo Rift kaskoak— jokatu ahalko da abentura berezian.

 

American Arcadia

  • Argitaratze data: 2025-05-15
  • Garatzailea: Out of the Blue Games
  • Generoa: Puzzleak / abentura
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Out of the Blue Games madrildarrak 2023an PCan kaleratutako American Arcadia bikainak kontsoletarako port-ak jasoko ditu. 2.5D ikuspegiko plataformak eta lehen pertsonako puzzleak uztartzen dituen abentura bitxi honek 70eko hamarkada retrofuturistara eramango gaitu hiri misteriotsu bat ezagutzeko.

Bizitza ez da dirudien bezalakoa, eta Trevor Hills protagonistari egia bilatzen lagundu beharko diogu. Zorionez, ez da bakarrik egongo, Angela Solano misteriotsua ere gidatuko baitugu. Askotariko sariak irabazi dituen indie abentura zoragarriak ezusteko ugari biltzen ditu.

Katukinabarrak analisi sakona eskaini zion gure blogean.

 

Doom: The Dark Ages

  • Argitaratze data: 2025-05-15
  • Garatzailea: id Software / Bethesda Softworks
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PS5, Xbox Series, PC

Urteko estreinaldirik handienetakoa Doomslayer odoltsuaren eskutik datorkigu, beste behin. id Software taldekoek FPS ezagunari beste buelta bat eman diote The Dark Agesekin: aurreko Eternal-en ziztu bizian ibili ginen, baina oraingoan “tankean” bilakatuko garela diote egileek.

Ezkutuarekin eta gorputzez gorputzeko armekin sekulako sarraskiak eragingo ditugu, baina ohiko su armak ere maneiatuko ditugu berriz, super eskopeta barne. Dragoi zibernetiko hegalarian zein robot erraldoiak gidatzeko aukera egongo da, gainera, Doom berrian.

 

Blades of Fire

  • Argitaratze data: 2025-05-22
  • Garatzailea: MercurySteam
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PS5, Xbox Series, PC

Castlevania Lords of Shadow gogoangarrien garatzaileak —baita Metroid Dread-enak ere— berezko obra berriarekin itzuliko dira egunotan. Burdina eta magia ardatz dituen abentura izango da Blades of Fire: Nerea erregina garaitu beharko dugu Aran eta Adso protagonistak gidatuz.

God of War berrien estiloko borrokak biziko ditugula dirudi mundu zabala eta koloretsua esploratzen dugun bitartean. Berezitasun handiena armak sortzeko ezaugarria da: armategia pertsonalizatzeko aukerak eskainiko dizkigu.

 

Deliver at All Costs

  • Argitaratze data: 2025-05-22
  • Garatzailea: Studio Far Out Games / Konami
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PS5, Xbox Series, PC

GTA klasikoen bidea jarraitu nahi duen jokoarekin sartu dira bideojokoen mundaun Studio Far Outekoak. 1959. urtera bidaiatuko dugu, ikuspegi isometrikoan dozenaka auto gidatzeko… banatzaile lanetan denetariko erronkak gainditzen ditugun bitartean.

Su artifizialak banatzen hasiko gara, baina erronka eroak eta suntsipena agintzen dizkigu Deliver at All Costsek. Erosi aurretik probatu nahi baldin baduzue, doako demoa dago eskuragarri.

 

Pipistrello and the Cursed Yoyo

  • Argitaratze data: 2025-05-28
  • Garatzailea: Pocket Trap / PM Studios, Inc
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC

‘Yoyovania’ gisa aurkezten zaigu Game Boy Advance eramangarriko jokoen estilo grafikoa bereganatzen duen Pipistrello itxurosoa. Pippit saguan bilakatuko gara yoyo magiko baten laguntzarekin hiria mafia familiengandik berreskuratzeko.

The Legend of Zelda zaharren estilora puzzleak, borrokak eta umorez betetako hizketaldiak biziko ditugu. Kasu honetan ere, doako demoa proba dezakegu.

 

to a T

  • Argitaratze data: 2025-05-28
  • Garatzailea: uvula LLC / Annapurna Interactive
  • Generoa: Abentura, puzzleak
  • Plataformak: PS5, Xbox Series, PC

Hilabeteko bideojokorik bitxiena Keita Takahashi sortzailearen eskutik dator. Bai, Katamari Damacy zoragarrien garatzaileari buruz gabiltza. Abentura narratiboa dugu to a T: hamahiru urteko nerabearen bizipenak izango ditu ardatz.

Gorputza T forman duen nerabearenak, hain zuzen. Herri koloretsu batean kokatzen diren minijoko dibertigarriak gainditu beharko ditugu bere istorioa ezagutzen dugun heinean.

 

Fuga Melodies of Steel 3

  • Argitaratze data: 2025-05-29
  • Garatzailea: CyberConnect2
  • Generoa: JRPG, Estrategia
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC

Fuga saga ez da horren ezaguna, agian, baina bertako animalia antropomorfikoen abentura gogorrek milaka jarraitzaile dituzte. Gerrapean bizi den munduan, haur talde bat gidatzea dugu helburu CyberConnect2ren jokoetan.

Taranis izeneko tanke erraldoiaren barruan bizi da gure familia: honekin batera mundu mapako bazter batetik bestera mugituko gara. Tamalez, ezingo gara gerratik aldendu, eta txandakako dueluetan parte hartu beharko dugu, erabaki latzak hartu behar izanez.

 

Elden Ring Nightreign

  • Argitaratze data: 2025-05-30
  • Garatzailea: FromSoftware / Bandai Namco
  • Generoa: ARPG, abentura
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC

Elden Ring entzutetsuak 30 milioi salmentak gainditu berri ditu, baina bere atal berria obra originaletik zeharo aldenduko da. Jokalari bakarrarentzako kanpaina sakona eskaini beharrean, hiru jokalarirentzako roguelike kooperatiboa proposatuko digu Nightreignek.

Hiru egun biziko ditugu partida bakoitzean —bizirik irauten badugu—: gau bakoitzeko buruzagia akatzea izango da helburua, bukaeran Gaujaunaren aurka egiteko. Gune nagusia txikituz joango da egunek aurrera egin ahala, erdiko puntura gidatuz azken duelurako: armak eta objektuak bildu beharko ditugu azken dueluetarako prestatzeko.