Experiment101 garatzailea orain lau urte hasi zen abentura honetan lanean.
Kosta zaio, baina Biomutant desiratuak azkenean badu argitaratze data. THQ Nordic banatzaileak iragarri duenez mundu irekiko rol joko berezi hau maiatzaren 25ean estreinatuko da.
Kung-Fua, tiroak eta abilezia bereziak batzen dituen akzioa eta apokalipsi osteko girotzea daukan mundu zabala dira Biomutanten ardatzak. Bizitzaren zuhaitza hiltzeko arriskuan dago, eta jokalarien helburua hori salbatzea… edo galtzea izango da: erabakiek pisu handia izango dute abentura honetan.
Etengabe eboluzionatzen ariko den jostagarritasuna edukiko du Biomutantek. Mapatxe protagonistaren kode genetikoa aldatuz bere itxura eta ezaugarriak ere aldatuko dituzte jokalariek; bio-kutsadurak ahalmen bereziak eskainiko ditu gainera.
Experiment101 garatzailea 2017an hasi zen Biomutant prestatzen. Aspaldian jokoaren inguruko berririk eman gabe egon diren arren, obra honetan lanean jarraitzen dutela baieztatu dute. Argitalpena jokoa soilik ekarriko duen Standard Editionaz gain bi edizio bereziekin batera egingo dute. Jarraian edizio bakoitzak ekarriko dituen edukiak laburbildu ditugu.
Collector’s Edition (109,99 euro):
- Bideo-jokoa
- Arte liburukia
- Kalitate handiko protagonistaren figura
- Kaxa berezia
Atomic Edition (399,99 euro):
- Kalitate handiko diorama
- Bideo-jokoa
- Steelbook
- Kamiseta
- Saguarentzako alfonbra
- A1 tamainuko irudia
- Soinu banda
- Kaxa berezia
Biomutant PC, PlayStation 4 eta Xbox One plataformetarako merkaturatuko da.
Iruzkinak