Assoupi estudioak jauziak ardatz dituen 2D abentura berezia prestatu du: Floppy izeneko disketean bilakatzera eramango gaitu.
MainFrames kutsu klasikodun plataforma titulua estreinatu dute PCan zein Switchean Assoupi taldeak eta The Arcade Crew argitaletxeak. Ordenagailu bateko sistema eragilea eszenatoki nagusitzat duen abentura da.
Floppy izeneko diskete birtualean bihurtuta, mundu digitalean gure tokia bilatzea da jokalarion helburua. Horretarako 2D plataformak biziko ditugu; berezitasuna, baina, ingurune aldetik dator, PCko mahaigainaren itxura hartzen baitu MainFramesek.
Horrela, sistema eragilearen leihoak zabaltzen eta ixten ibili beharko gara plataformak sortzeko edo programen ikurrak erabiliko ditugu ezaugarri bereziak aktibatzeko. Programen artean erronka edo egoera desberdinei aurre egitea tokatuko zaigu: hondotik agertzen diren plataforma desafioak edo teleportatzeak ageri dira, esaterako.
Gure bidaietan denetariko pertsonaia koloretsuak ezagutuko ditugu, gainera, baita birus maltzurrak ere. Sekretu mordoa agintzen dute egileek; ez hori bakarrik, “micro chill” soinu bandaz gozatuko dugu.
Assoupiren lehen lana bada ere, bideoetan xehetasunez eta umorez betetako mundua eratu dela ikus daiteke. Proba bat eman beharko zaio: atzo estreinatu zen MainFrames PCan zein Nintendo Switchean, eta oraingoz balorazio positiboak biltzen ditu erabiltzaileen aldetik.
Iruzkinak