Europako Software Librearen Fundazioak (FSFE) Maite dut Software Librea Eguna antolatzen du otsailaren 14an (hainbatek San Valentin Eguna ospatzen duten egun berean). Software librearekiko maitasuna adieraztea eta garatzaile eta bestelako lanetan aritzen direnen lana aitortzea du helburu egun honek. Izan ere, askotan ahazten ditugun arren, euren lana funtsezkoa da gure egunerokoan (esate baterako, webgune honek software librea darabil bere osotasunean).
Aurten, gainera, zortekoak gara bideo-jokozaleak, fundazioak antolatu duen ekitaldia bideo-jokoei buruzkoa izango baita. Bideo-jokoen garapenaren inguruko zenbait hitzaldi izango dira arratsaldeko 18:00etan hasita, eta ondoren elkarrekin Veloren bideo-jokoan jokatzeko aukera izango dute parte-hartzaile guztiek.
Hemen duzue ekitaldiaren ordutegia:
|
Otsailak 14 (astelehena) |
18:00 - 18:05 |
Ongi etorria eta sarrera |
18:05 – 18:25 |
Flare - Free/Libre Action Roleplaying Engine |
18:25 – 18:45 |
Vassal – Free Software Game Engine |
18:45 – 19:05 |
Godot Wild Jams |
19:05 – 19:20 |
Veloren – Free Software Game |
19:20 – 20:00 |
Jokatzeko tartea |
20:00 |
Agurra |
Ekitaldian izena emateko epea itxita dagoen arren, streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.
Ekimenaz gain, FSFEren Software Foundation Podcastaren azken atalean 0AD bideo-jokoaren proiektu liderra den Stanislas Dolcini izan dute gonbidatu. Besteak beste, 0AD joko arrakastatsuaren komunitatean nola antolatzen diren (ezetz asmatu zenbat jendek hartzen duten parte garapenean?), nola lagundu daitekeen (dena ez da kodea!) eta jokoa software-libre lizentzia batekin argitaratzeak izan duen eraginaz aritu dira (ba al zenekien hasieran ez zela librea?). Esteka honetan entzun dezakezue.
Bide batez, gogorazi nahi dizuegu 0AD guztiz euskaraz jokatu daitekeela Game Erauntsiko komunitatearen lanari esker.
Iruzkinak