“Mangari eta animeari buruz hitz egiteko espazioa sortzea” izan da sortzaileen helburua. Webgunea zein Telegram taldea dituzte.
Mangaren eta animearen mundua betidanik egon da bideojokoenekin lotuta. Harreman errazena joko bihurtutako komikietatik atera dezakegu: nork ez du jokatu Dragoi Bolaren edo Naruto-ren bideojokoren batera? Aurkakoa ere gertatzen da, noski: hor dugu duela astebete eskas estreinatutako Cyberpunk Edgerunners telesail bikaina. Euskaldunak nahiko manganimezaleak garela esan daiteke; zoritxarrez, orain arte ez dugu izan zaletasun honi buruz euskaraz aritzeko txokorik. Hori aldatzera dator, euskal manganime komunitatea jaio baita: Mangaberri.
Taldea aurkezteko asmoarekin batu dira Mirai eta Eneko arduradunak sarean zabaldutako aurkezpen bideoan. “Manga eta anime gehiena erdaraz aurkituko dugu gaur egun”, adierazi du Miraik bertan; hala ere, “nahiz eta eduki horiek erdaraz kontsumitu, horiei buruz euskaraz jarduteko espazioa nahi dugu”. Game Erauntsiaren antzeko kasua, beraz.
Proiektua bi bidetatik abiatu dute. Alde batetik, Mangaberri webgunea dago: mundutxo honi buruzko azken albisteak zein analisiak, gomendioak, bitxikeriak eta bestelakoak euskaraz irakurtzeko prestatutako bloga da.
Bestetik, Euskal manganime komunitatearen Telegram taldean parte har daiteke: irakurtzen dituzun manga horien edo jarraitzen dituzun animeen azken atalei buruz hitz egiteko, ezagutu berri duzun obra edo mangaka hori jakitera emateko nahiz alor honekin zerikusia duen edozein gairen inguruan aritzeko txokoa da.
“Euskaldunoi mangaren eta animearen mundua hurbildu, eta mundu horretan gauden euskaldunoi euskara hurbiltzea” da asmoa. Hori horrela, manganimezale guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete arduradunek. Azaltzen dutenez, horretarako ez da beharrezkoa proiektu handi batean parte hartzea: zaletasun honi buruz hitz egiteko gogoa izatearekin nahikoa da.
Euskomanga proiektua ere aipatzekoa da, Mangaberrirekin harremanduta dagoen aspaldiko lana baita. Bertan itzultzaile lanak egiten dituen talde boluntarioaren mangak aurkituko dituzu. Mangak zein animeak euskaratutako aurkituko dituzu bertan —telesailen kasuan, azpidatziekin—: Doraemon, One Piece, Jojo’s Bizarre Adventure eta askoz gehiago itzultzeko lana egiten du talde honek.
Hortaz, badakizu. Dragoi Bola, One Piece, Berserk, Saint Seiya, Akira, Ghost in the Shell, Harlock Kapitaina eta bestelako klasikoen jarratzailea bazara, edo Cyberpunk Edgerunners, Kimetsu no Yaiba, Chainsaw Man, Beastars, Dandadan nahiz Jujutsu Kaisen bezalako berritasunek erakartzen bazaituzte, parte hartu komunitatean, ziur gustura egongo zarela-eta.
Iruzkinak