Zerbitzu erako ateratze tiro jokoa zehaztu gabeko datarekin utzi dute. Obra hobetzeko asmoarekin geroratu da.
Bungie eta PlayStation enpresek Marathon tiro jokoa atzeratu dute. Komunitatearen erantzuna ikusi ondoren hartu dute erabakia, prentsa oharrean aditzera eman dutenez.
Oraingoz, gainera, zehaztu gabeko datara berandutu da. Irailaren 23an estreinatzeko asmoa zegoen orain arte; kolpe gogorra, beraz, PlayStationen asmoentzat.
Egileek diotenez, alpha probaldiaren ostean sare sozialetan zein Discord zerbitzarian jokalariek partekatutako erantzuna argia da: “Badakigu Marathon zuon pasioa islatzen duen bideojokoan bilakatzeko denbora gehiago behar dugula”. Horretarako, “arerioen aurkako duelu zailagoak zein zirraragarriagoak” edo “partidetan ordainsari interesgarriagoak” eskaintzeko asmoa daukate, baita “Marathon unibertsoko narratiban sakontzekoa” ere, trilogia originalaren girotzea berreskuratzeko helburuarekin.
Komunitatearen feedbackari garatzaileek aipatu gabe utzitako beste hainbat arazo eta iskanbila gehitu behar zaizkio. Estudioan jazotako sexu jazarpenen ondorioz egindako zuzendaritza aldaketak, kudeaketa arazoak, langileek behin eta berriro aipatutako giro eskasa… Bungieren egungo taldeak ez ditu garairik onenak bizi. Azken polemika plagioari eta arte baliabideen lapurretari dagokio: antza denez, Fern Hook artistak sortutako diseinuak baimenik gabe erabili dituzte Marathonerako.
Ezinbestean datoz burura PlayStationen zerbitzu erako bideojokoen bestelako kasuak. Ezagunena Concord-ena da: estreinatu eta egun gutxitara itxi zuten AAA ekoizpenarena, alegia. Adibide gehiago daude, ordea: God of War multijokalaria edo Bend Studio-ren zerbitzu erako titulua ezeztatu ditu PlayStationek, baita Neon Koi taldearen iragarri gabeko proiektua ere.
London Studio-ren proiektua edo Twisted Metal berria, asko dira, agerikoa denez, alboratutako ideiak. Jim Ryan SIEko buru ohiak aspaldi abiatu zuen zerbitzue erako tituluen plangintza PlayStationen, baina, oraingoz, ez dute tekla asmatu.
Bungiera itzulita, udazken aldera Marathonen berritasun gehiago iragartzeko asmoa agertu dute, argitalpen data berriarekin batera.
Iruzkinak