Sortu, eta partekatu: sortzaileen komunitatea eratu da romhack-aren inguruan. N64 kontsolan erabil dezakegu.

Super Mario 64 maisulanean eduki berriak sortzeko tresna berria jaio da: Mario Builder 64. Rovertronic eta Arthurtilly garatzaileek mailak eratzeko editorea prestatu dute.

Romhacking webgunearen bidez jaitsi dezakegu; dena den, instalazio eta erabilera argibideak hemen aurki ditzakegu. Bertan azaltzen denez, lauki sare edo grid formatuan eraikiko ditugu SM64ren mailak: blokeak hartuta nahi ditugun munduak sortzen hasiko gara.

Arerioak gehitzeko, lurzoru mota desberdinak gaineratzeko, uraren maila aldatzeko edo girotzea ezartzeko aukerak ikusten dira bideoan. Editorea “erabilerraza” dela diote egileek, baina, aldi berean, adituei denetariko sorkuntzak prestatzeko aukera eskaintzen diela: “Speedrun maila, zortzi izarreko maila edo 8 bit-eko kalkulagailua, berdin dio, 100 bat piezaz osatutako editoreak hori sortzeko balioko dizu”.

Are gehiago, Rovertronic aurretik garatutako Beyond the Cursed Mirror romhack proiektuko elementuak ere inplementatu dituzte editorean. Botereak eskaintzen dituzten medailen sistema eraberritua erabili ahalko dugu, hortaz.

Mailen egitura eta itxura eraldatzearekin batera, musikagileentzako abestien editorea ere dakar Mario Builder 64k.

Onena? Sortutako maila guztiak partekatzeko aukera daukala. Level Share Square da topagune nagusia: dagoeneko komunitateko erabiltzaileek prestatutako dozenaka mundu daude bertan.

Harrigarriena jatorrizko jokoaren gaineran prestatutako romhack proiektua dugula da; alegia, ez gabiltza kanpoko aplikazio edo programa baten inguruan. Jatorrizko kontsolan erabili ahalko dugu ROM fitxategia flashcart-etan gehituta. Emulatzaileen kasuan, oraingoz Parallel Launcher tresnan soilik funtzionatzen du, SD txartelen emulazio birtuala ahalbidetzen duen N64aren emulatzaile bakarra baita.

Super Mario 64 da, zalantzarik gabe, romhacking komunitaterik handienetakoa duen bideojokoa. Horri esker lortu genuen bideojoko klasikoa euskaratzea Game Erauntsian. Mario Builder 64ri esker, baina, are sortzaile gehiago erakarriko ditu iturginaren lehen 3D abenturak.