Nintendo-ren hiru dimentsiotako bideojoko klasikoa euskaratu dugu: hasieratik bukaerara arte gure hizkuntzan jokatzeko aukera daukagu orain.

Super Mario 64 da nire bideojokorik kutunenetakoa. Hiru dimentsioetan sartzen balio izan zidan lehen abentura da, eta ziurrenik nire haurtzaroan ordu gehien eskaini dizkiodana. 120 Botere Izarrak lortzea sekula santan ahaztuko ez dudan zerbait da. Hori horrela, hau euskaraz ez izatea pekatu hutsa izan da niretzat: lagun talde bat batu eta Nintendo 64 kontsolako obra lokalizatzeari ekin genion horregatik.

Hainbat hilabeteko lana izan da, eta bukatu dugu azkenik! Super Mario 64 euskaraz goza daiteke orain. Oztopoz eta arazoz betetako bidea izan dela esan beharra dut: bere buruaz beste egiten zuten pinguinoak, desagertzen ziren testu lerroak eta bestelako bug handiak ikusi izan ditut itzulpena egiterakoan.

Dena den, guztia amaituta dago jada. Gorka Elgezabalen eta Xabi Urrutiaren laguntzari esker testuak, irudiak eta testurak euskaratu ditugu. Hau da: Super Mario 64n irakur daitezkeen testu guztiak gure hizkuntzan daude —kredituak kenduta; jokoa hautsi gabe aldatzea ezinezkoa dela dirudi, zoritxarrez!—. Perretxiko printzesaren hasierako gutuna, bizi eta maila ikurrak, elkarrizketak… kostata, baina dena lokalizatzea lortu dugu.

Ezagutzen ez duzuenontzat —badago webgune honetan sartu eta Super Mario 64 ezagutuko ez duenik?— Nintendo 64 kontsolarekin batera 1996. urtean estreinatutako abentura da. Nintendoren lehenengo “benetako” 3D jokoa izan zen —Star Fox originala alboratuta, agian—, horrek suposatzen zuen guztiarekin: garatzaileek zein jokalari askok hiru dimentsioetara salto egin zuten bideojoko honekin. Industria iraultzea lortu zuen, eta gaur egun bere oinarriak zein ideiak mantentzen jarraitzen dira.

Itzulpena egiterako orduan bideojokoen munduan izandako eraginagatik eta jokalariok diogun estimatagatik aukeratutako obra da beraz Super Mario 64. Euskaraz jokatzeko itzulpen fitxategiak jarri behar zaizkio rom originala: hau egiteko jarraitu beharreko pausoak oso errazak dira.

 

Itzultzeko egin beharrekoak

  1. Super Mario 64ren USA bertsioaren rom bat eskuratu. Ezin dezakegu guk eskaini, beraz zure kontu bilatzea eta jaistea. Adi ibili formatuarekin: .n64 formatukoa izan behar; hau da, jatorrizko rom fitxategia, inolako aldaketarik gabekoa.
  2. Itzulpen proiektuko 'Fitxategiak' ataletik azken fitxategia jaitsi. Itzulpen fitxategia eta hau erabiltzeko xdelta programa aurkituko dituzue bertan.
  3. xdeltaUI exekutatzailea ireki. “Apply Patch” erlaitzean, “Patch” aukeran guk eskainitako itzulpen fitxategia hautatu.
  4. Ondoren, “Source File” aukeran zuk jaitsitako USA rom fitxategia hautatu.
  5. Azkenik, euskaratutako rom fitxategia sortzea nahi duzuen karpeta hautatu eta izendatu “Output File” aukerarekin.
  6. Eginda! Dena ondo badoa Super Mario 64 euskaratuta edukiko duzu.

Super Mario 64ra emulatzaile bidez jokatu ahalko duzu euskaraz: Mupen64plus edo Project64 gomendatzen ditut. Teorikoki Nintendo 64 kontsolan erabiltzea posible da baita, baina ezin dudanez egiaztatu badaezpada ez dut ziurtatu nahi —inork aukera hori badu eskertuko nioke proba egitea!—.

Gauza bera gertatzen da bideojokoaren PC-ko port famatuarekin. Euskaratutako roma dekonpilatuz gero, Sm64PCBuilder bezalako programak erabilita posible da ordenagailuetarako porta euskaratzea. Beste batez, guk ezin dezakegu hau egiteko fitxategirik eskaini, beraz sortu nahi baduzue zuon kontu beharrezko guztia aurkitzea.

 

Euskaratutako bideojokoak, gero eta gehiago

Super Mario 64 etengabe hazten ari den euskaratutako bideojokoen zerrendara gehitzen den azken lana. Joan den urtean Game Erauntsiatik harro agertu ginen itzulitako jokoen kopurua ikusita: Among UsSword of the NecromancerEverhoodOddworld: New ‘N’ TastySpace RevengeMagic TwinsNuclear BlazeSuper Woden GPThe Five CovensHyper Light Drifter, Inside edota Pile Up! Box by Box bikainak ikusi genituen iaz gure hizkuntzan.

Orain gutxi itzulpen proiektuak sortzeko, kudeatzeko eta antolatzeko deialdia egin genuen. Game Erauntsiaren Discord zerbitzaria erabiltzen hasi gara euskaratzeak aurrera eramateko. Edonork parte har dezake, beraz animatu zaitez!

Euskarazko bideojokoen zerrenda osoa gure webgunean aurkituko duzu.

Erlazionatutako edukiak:

SUPER MARIO 64: MARGOLANAK, TXAPELAK ETA HIRU DIMENTSIOEN ASKATASUNA