Direct berezia prestatu du Nintendo-k Illumination estudioarekin batera. Apirilaren 1ean estreinatuko da zinemetan.

Martxoaren 10a Marioren eguna da. Ospatzeko, Nintendokoek The Super Mario Galaxy Movie filmaren xehetasunak eskaini dituzte, azken trailerrarekin batera.

Pixkanaka azaltzen joan dira: Super Mario Galaxyko elementuak nabarmenduko dira bigarren animazio filmean, baina iturginaren gainerako zenbait bideojokoetako elementuak ere bilduko dituzte. Rosalina, luma izartxoak eta espazioa ikusiko ditugu, baina baita SMB 2ko Wart, Birdo edo Ninji-ak, Sunshine-ko Bowser Jr., edo, zelan ez, World-eko Yoshi dinosauroa.

Shigeru Miyamoto Marioren sortzailea azaldu da Nintendo Direct bereziari hasiera emateko. Iturginaren 40 urteurrena ospatzen dabiltzala adierazi du bertan: irailean ekin zieten ospakizunei bideojoko eta ekimen desberdinekin. Super Mario Galaxy bien Switch kontsolako bertsioak, Super Mario Bros. Wonder-en espantsioa, Mario Tennis Fever eta beste hainbat ikusi ditugu; halere, Illumination estudioarekin batera prestatu duten filma zutabe nagusia izango omen da.

The Super Mario Galaxy Movie apirilaren 1ean estreinatuko da zinemetan.

 

Eduki eta joko berriak?

Ezustekoak ere espero ditugu tartean. Adibidez, egunotan Mario Kart Word-en eguneratzeari buruzko zurrumurruak entzun dira: bataila modalitate berria gehituko ei dio iaz kaleratutako lasterketak jokoari, Nintendo Direct aplikazioan ihes egin dien albistearekin ezagutu dugunagatik.

Zale askok eskatzen dute MKW elikatzen jarraitzeko; izan ere, jokoaren oinarriak sendoak direla, baina zuzentzeko elementuak direla aipatzen da. Ekainetik hona hainbat adabaki jaso ditu, baina zirkuitu berriak, zuzenketak eta berritasunak beharrezkoak izango dira lasterketen errege izaten jarraitzeko.

Zalantzarik handienak, noski, Marioren bideojoko berri bati lotutakoak dira. 2017an merkaturatutako Odyssey izan zen bibotedunaren azken abentura handia —Wonder 2D abentura txikiagoa izanik—; ordutik hona, birmasterizazioak eta bestelakoak jaso ditugu, baina zaleak behar bezalako itzuleraren zain daude. 40. urteurrena horretarako aproposa izan beharko litzateke.

Bukatzeko, Nintendo Classics zerbitzurako hiru bideojoko estreinatu ditu iturginak: Virtual Boy gailuko Mario's Tennis eta Mario Clash zein Game Boy Advance eramangarrian ikusi genuen Mario vs. Donkey Kong puzzle eta plataforma abentura.