Urtarrilean Mario Karten 30. urteurrena ospatu eta etorkizuneko Mario Kart 9 batekin amets egin genuen erreportaje sakon batean. Hortik gutxira ikusi genuen bederatzigarren atalarekin jarraitu beharrean, Mario Kart 8 Deluxe handitzen dabiltzala Nintendo-koak; izan ere, otsaileko Direct aurkezpenean Booster Course Pass eduki gehigarria aurkeztu zuten. 48 zirkuitu batuko ditu DLC-ak: denak batera etorri beharrean, bildumatan banatuko dituzte, eta lehena iritsi da jada.

Golden Dash eta Lucky Cat kopak ekarri ditu Booster Course Passeko lehen eguneraketak. Zortzi zirkuitu zaharberritu ditugu bertan: espantsio honetan ez dugu MK8-rako kokaleku guztiz berririk ikusiko. Horren ordez, aurreko ataletako ibilbideen remake-ak prestatzen dabiltza N Handikoak.

Ohi bezala, girotze aldetik aniztasun ikaragarria ikusiko dugu bi kopa horietan. Merkataritza guneak, Tokio eta Paris bezalako benetako hiriak, gaztelu japoniarrak edo zeruko ibilbideak eskaintzen dituzten zirkuituak batu dituzte lehen espantsio honetarako.

Mario Karten zale amorratua izanik, poztekoa da kokaleku ezagun hauek frankiziaren azken bideojokorako egokituta ikustea. Orokorrean, baina, ibilbide sinpleak hautatu dituztela esan beharra dago: toki gehienek bide zabalak eta kurba gutxikoak dituzte; gehienak aproposak dira Mario Kart berri baten lehen kopak izateko, baina zortzigarrenaren Deluxe bertsioak berez dakartzan 48 zirkuituei gehitzen zaizkiela kontuan hartuta, Switch-eko titulura egokitzerakoan aldaketa sakonagoak eduki beharko zituzten.

 

Agur, antigrabitatea

Asko nabaritzen den zerbait da MK8-ren ezaugarri nagusia alboratu dutela ikusterakoan: zirkuitu berrietako batek ere ez du antigrabitatearen mekanika erabiltzen. Erabaki ulertezina da; izan ere, joko originaleko berregindako ibilbideek grabitaterik gabeko tarteak gehitzen zituzten, askotan ikaragarrizko aldaketak eginda. Berrikuntza aproposak ziren, eta toki ezagunak berpizteko balio zuten, aldi berean zortzigarren jokoko mekanikak erabiltzen zituzten bitartean.

Esan bezala, ez da gauza bera gertatzen Booster Course Pack honetako lehen ibilbideekin. Jokatu bezain laster ohartu naiz zerbait faltan botatzen nuela, zoritxarrez. Horrek ez du esan nahi zirkuituetan ez dagoela aldaketarik, baina. Mario Kart 64-ko Choco Mountain itzelak jasotako eraberritzea nabarmentzekoa da, adibidez: hegan aritzeko gunea nahiz mineral ederrez betetako kobazuloa ditu orain ibilbide klasiko eta maitatuak.

Game Boy Advance-ko Sky Garden zoragarria ibilbide laua izan beharrean, etengabe gora eta behera dabilen bidea da orain. Nintendo DS-ko Shroom Ridge mendiko trazadura autoz eta kamioz beteta dago beti bezala, baina orain hegan aritzeko aukera eskaintzen digu ibilgailu batzuen gainetik salto eginda.

Gehien harritu nautenak ibilbide aldetik sinpleenak izango zirela aurreikusten nituenak izan dira: mugikorretarako Mario Kart Tour doako obrakoak, hain zuzen ere. Tokyo Blur zirkuituko lehen bira bukatzerakoan gatzik eta piperrik gabeko maila zela pentsatu nuen, baina bigarren eta hirugarren biretan trazadura guztiz aldatzen doala ikusterakoan maitemintzea lortu nau. Antzekoa gertatu zait Paris Promenade-rekin; berez espantsioko zirkuiturik onenetakoa dela pentsatu izan dut, baina azkenengo biran gauzak aldatu eta ibilbidea alderantziz egitera derrigortzen zaitu. Zoragarria iruditu zait, sekulako bizitza ematen baitie ibilbide horiei. Ninja Hideaway ere sekulakoa otu zait: gaztelu japoniar batean girotutako zirkuituak bidexka sekretu mordoa ditu, eta Shy Guy ninjak objektuak tranpa modura jartzen aritzea ideia aparta da.

Aldaketa handirik ez duten zirkuituen artean daude Wii-ko Coconut Mall ezaguna eta Nintendo 3DS-ko Toad Circuit. Lehenengoak ez zeukan berritasunen beharrik, trazada dibertigarri eta anitza baitauka: sarreratik hasita merkatal zentruko korridoreetatik eta dendetatik ibiliko gara, aparkalekuan bukatzeko. Toadena da, zalantzarik gabe, lehen multzo honetako kokalekurik gogaikarriena; ez da harritzekoa, 3DSan hasiberriei zuzendutako zirkuitua baitzen. Ez duenez inolako berritasunik jaso, MK8-ko mailarik sinpleenetakoa da; aipatu bezala, aurretik horrenbeste leku izanik ez dut uste halakoak aukeratzea edo behintzat bere horretan mantentzea ideiarik aproposena denik.

 

Kantitatea kalitatearen ordez

Zoritxarrez, ikus entzunezko atalean kale egiten du benetan Booster Course Passaren lehen kopa sorta honek. Aipatutako zirkuitu guztiak goitik behera eraberritu dituzte, bai, baina argi dago ez direla obra originaleko kokalekuen mailara iristen. Xehetasun maila baxuagoa dute, eta lehen unetik sumatzen den zerbait da. Benetan nabarmena da antzeko girotzea duten Sky Garden eta Cloudtop Cruise alderatzen baditugu, adibidez: hodeietan kokatutako zirkuitu berriak bideojoko zaharrago batekoa dirudi.

Testura zein modelo sinpleagoak erabili dituzte Nintendokoek, jatorrizko inguruetako estetika errealistatik aldenduz eta plastiko itxura emanda bazterrei. Itsusiak izatera iritsi gabe, lan hobea egin behar zuten esparru honetan. Maila bakoitzean ageri den kalitatea oso desberdina izan daiteke, gainera: Parisko zirkuitua nahiko landuta dagoen bitartean, Toad Circuit oso oinarrizkoa da.

Musikarekin antzeko zerbait esan beharra dago. Mario Kart 8ren soinu banda maisulan hutsa da: zuzenean grabatutako abesti guztiak ezin hobeak dira maila bakoitzerako, estilo desberdinak erabilita sekulako girotzea sortzeko. DLCko abestiak onak dira, baina beste batez, ez dira jatorrizkoen mailara iristen.

Hori horrela, argi geratzen da zortzigarren titulurako hasiera batean ezarritako kalitate maila alboratu, eta zerbait azkarra zein sinplea egin nahi izan dutela Booster Course Passean. Ez deritzot txarto dagoenik aurreko ataletako zirkuituetara mugatzea, baina atzerapauso nabarmena dago eduki gehigarri honetan, eta pena da. 30. urteurreneko erreportajean MK8-ko zirkuitu guztiak dibertigarriak eta apartak zirela azpimarratzen nuen, eta ez dakit hauekin gauza bera esan dezakedan.

 

Hasiera baino ez

Alde batetik, hasiera batean Mario Kart 8 Deluxerako zirkuitu berriak ikustea pozgarria izan bada ere, datozen hilabeteetan iritsiko direnetarako lan hobea egitea espero dut. Trazada zirraragarriagoak, antigrabitate guneak, atal estetiko landuagoa eta soinu banda hobea merezi dute zortzigarren atalera iristen diren zirkuituek.

Bestalde, espantsio osoaren prezioa aipatu behar da bai ala bai: 25 euroren truke —edo Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzan— 48 zirkuitu eskaintzen ari da Nintendo. Nahiago izango nuke zifra horren erdia eskainita lan finagoa agintzea —eta pertsonaia edo auto gehiago sortzea—, baina egia da berritasun kopuru esanguratsua gehitzen dabiltzala Nintendoren aldetik ohituta gauden prezio baxuagoaren truke.

Mario Kart 8ren eduki gehiagoren bila bazabiltza, Booster Course Passa aproposa da zuretzat. Jatorrizko jokoak dakartzan zirkuituekin nahikoa baduzu, edo jokoa aspaldi alboratu bazenu, ez duzu berriz itzultzeko aitzakiarik aurkituko espantsio honetan. Dena den, analizatutakoak bildumaren lehen bi kopak baino ez direla nabarmendu beharra dago: beste sei falta dira, beraz Nintendok zaleen eskakizunei erantzutea espero dugu.