Irail bukaeran argitaratuko duten eguneraketaren bidez eraberrituko dute gailu mugikorretarako doako jokoaren monetizazio sistema.
Nintendoko arduradunek jakitera eman dutenez, Mario Kart Tour mugikorretako jokoaren sari kutxak desagertu egingo dira. Modu horretara, iturginaren hodien itxura hartuta errubi bidez funtzionatzen zuten monetizazio elementu hauek guztiz ezabatuko dituzte.
Hodi hauetan kartak zein hauek pertsonalizatzeko piezak eta pertsonaiak —dozenaka itxura desberdinekin— lor ditzakegu gaur egun. Hodiok erabiltzeko errubiak jokatuz lor daitezkeen arren, hauek eskuratzeko ordainpeko sistema ere erabiltzen dute Nintendokoek.
Nola ez, ausazkotasuna da monetizazio sistema honen arazorik handiena: jokalariak ez daki zein den sari kutxan lortuko duen harrapakina errrubiak erabili arte. Gamesindustry agerkaritik salatzen dutenez, pertsonaia eta kart arraroenak lortzeko aukera % 0,04 batera muga daiteke; hortaz, zenbait objektu lortzea ia ezinezkoa da erabiltzaileentzat.
Nahiz eta sari kutxen sistema ezabatuko duten, eduki horiek lortzeko bide berriak inplementatuko dituzte Mario Kart Tourren: Nintendokoek Spotlight Denda izeneko saltokia iragarri dute. Hortaz, objektuak eskuratzeko errubiak ordaintzen jarraitu beharko dute jokalarien; desberdintasuna ausazko elementuen desagertzea da. Oraindik aurrera jokalariek eskuratuko dutena zehatz mehatz ezagutuko dute.
Aldaketa hau irail bukaeran emango da bideojokoan. Hori ahalbidetuko duen eguneraketaren gainerako berritasunak zehazteko ere aprobetxatu dute arduradunek: bataila joko mota jasoko du Tourrek, lasterketez gain beste jokalarien aurkako dueluak bizitzeko.
Nintendoren gailu mugikorretako bigarren bideojokorik arrakastatsuena da Mario Kart Tour: Fire Emblem Heroes-en atzetik, 293 milioi dolarretako etekinak lortu dituzte Kiotokoek Android-eko eta iOS-eko obrari esker.
Iruzkinak