Zirkuituak, gidariak eta sekretuak zerrendatu dituzte egileek. Ekainaren 5ean estreinatuko da Switch 2 kontsola berriarekin batera.
Mario Kart World Direct aurkezpenaren emanaldia antolatu du Nintendok. Lasterketa jokoaren berritasun nagusiak ezagutzera emateko zuzenekoan mundu irekian eta bere edukietan ardaztu dira, joko motak zein desafioak erakutsita.
N handiaren lasterketa titulu ezagunaren atal berria apiril hasieran ezagutu bagenuen ere, eduki mordoa prestatu dutela jakitera eman dute japoniarrek. Protagonista nagusia azpititulan adierazitakoa da: mundu koloretsua eta zabala, hain zuzen ere.
Kart gainean zeharkatuko dugun mundu irekian sakabanatutako zirkuituak erakutsiz hasi dira. Ibilbide berriak dira nagusi: Mario Bros Circuit, Peach Beach, Crown City edo Salty Salty Speedway erakutsi dizkigute, besteak beste; dena den, joko klasikoetako berregindako errepideetan ere lehiatuko gara. Oraingoan aldaketak handiagoak direnez, Wario Shipyard, Toad Factory eta bestelako kokaleku mitikoak fresko sentituko dira MK berri honetan. Gainera, egun eta gau zikloarekin batera estetika aldaketak ikusiko ditugu.
Lasterketez gozatzeko bide berriak proposatuko dizkigute. Grand Prix modalitateak aldaketa nabarmenak jasoko ditu; izan ere, lasterketa bat bukatzerakoan hurrengorako ibilbidea kontuan hartuko da oraingoan, mundua joko motarekin konektatuz. Knockout Tour modalitateak kanporaketak izango ditu ardatz, lehen postuetan mantendu beharko baikara partidan jarraitzeko.
Zaleak baretzeko berria eman dute: Directean azaldu dutenez, VS lasterketetan ohiko hiru birako lehiak jokatzeko aukera egongo da. Ez hori bakarrik, edozein zirkuitu lotu daiteke, GP edo Knockout Tour joko motetan ikusi gabe geratuko diren loturak sortzea ahalbidetuz.
Norgehiagokak 24 gidariren artekoak izango direnez, Worlden lau taldetan banatu ahalko dira, dueluak biziberrituz. Borroka modua ere ezagutzera eman dute, eta Coin Runners-en txanponak biltzea proposatuko digute.
Free Roam edo mundu askea izango da tituluaren izar nagusia. Mapa osoa nahi bezala esploratzeko aukera daukagu bertan: aukera ederra, mundu bizia eta ederra prestatu dutela ageri baita. Gure erritmora ibili ahalko gara, baina sekretuak eta erronkak ere aurkituko ditugu: minijoko eta proba desberdinen bitartez edukiak desblokeatzeko aukera egongo dela dirudi.
Aipatutako joko mota guztiez bakarka, tokiko multijokalarian zein sareko partidetan gozatu ahalko da. Argazkiak ateratzeko modalitatea ere sartu dute tartean, eta Switch 2aren kamera berriarekin hainbat ezaugarri prestatu dituzte.
Gidariei dagokienez, berrikuntza handiak datoz Worldera. Ohiko pertsonaien artean hautatuko dugu, noski: Mario, Luigi, Peach, Yoshi, Wario, Waluigi, Bowser edo Toad egongo dira, baina Perretxiko Erresumako biztanle gehiago agertuko dira lasterketetan. Horrela, Goomba, Koopa Troopa, Spike eta beste hainbat kontrolatuko ditugu. Guztientzako itxurak eta arropak desblokeatu ahalko dira, gainera, munduan zehar sakabanatutako janari desberdinak eskuratuta.
Ibilgailuen piezen sistema alboratu da oraingoan; horren ordez, estatistika desberdinak dituzten autoak edo motorrak ditugu. Itsasontzietan edo planeatzen duten hegazkinetan bilakatzen jarraituko dute, hori bai.
Txanponen oskola, mailua, Kamek aztia eta bestelako objektu berriak gehituko zaizkie, gainera, betiko perretxiko turboei, tximistei, izarrei edo oskol berdeei zein gorriei. Orain arte ikusi gabeko mekanikak eta abileziak erabiliko ditugu, bukatzeko: karga jauziarekin toki garaiagoetara iritsiko gara, esaterako, horma arteko jauziak edo baranda gaineko trikimailuak egiteko.
Argi dagoenez, World orain arteko Mario Kartik handiena izatea nahi du Nintendok. Ez da harritzekoa, MK 8rekin lortutako arrakasta ikusita: Deluxe bertsioaren 67,35 milioi joko saldu dituzte, Switch originalaren titulurik arrakastatsuena izanik; Wii U kontsolako bertsioaren 8,46 milioi ale saldu zituzten.
Diru gosearekin dabiltza, tamalez. Esan genuen modura, 90 eurotan estreinatuko da MK World, fisikoan nahi badugu; digitalean, bestalde, 80 euro balioko ditu. Switch 2arekin batera murriztutako prezioan erosi ahalko dugu, hori bai.
Ekainaren 5ean merkaturatuko da Mario Kart World, esklusiboki, Nintendo Switch 2 kontsolarako.
Iruzkinak