Ausazko zirkuitua hautatzeak zirkuitu arteko atalak azaltzea saihesten zuen orain arte. Jokalarien artean hauturik ohikoena izaten zen.

Mario Kart Worldek sekulako arrakasta lortu du, Switch 2 berriaren izar nagusian bilakatuta. Hala ere, azken eguneratzearekin jokalarien etsipena eragin du Nintendo-k: ezezagunen aurkako online partidak bizitzerakoan lasterketa arruntak lehiatzeko bide bakarra ezabatu dute.

Mundu irekia da MK Worlden protagonista. Xehetasunez eta bizitzaz betetako kokaleku zabalen artean daude zirkuitu nagusiak, eta funtzionamendu berezia dakarte lasterketa joko berrian. Ahaztu hiru birako lasterketa klasikoez joko mota arruntetan, Knockout Tour modalitatean zein Grand Prix atalean beste era bateko norgehiagokak proposatzen baitira.

Azaltzearren, GPko lehen zirkuituan hiru bira emango ditugun arren, hurrengo kokalekuetan ez da gauza bera gertatzen; horren ordez, zirkuitu batetik besterako atala lasterketen barruan biziko dugu —intermission deitzen zaie jokoan—, eta, behin zirkuitura iritsita, bira bakarrera ibiliko gara. Ohiko hiru birako partidak bizitzeko bideak daude, baina: VS modalitatean zein lagun arteko online taldeetan hauta ditzakegu.

Albistera itzulita, ezezagunekin lehiatzerakoan ere bazegoen hiru birako formatu arruntean aritzeko aukera, baina hori lortzeko aukeraketa berezia egin behar genuen menuan. Partida bat bukatuta, hurrengo zirkuitua hautatzeko lau aukera eskaintzen zaie jokalariei, boto gehien dituenak irabazita. Gune zehatz batek bozken gehiengoa eramaten badu, zirkuitu arteko atala bizi behar dugu, bai ala bai. Azken aukera ausazko zirkuituarena da: horrek irabaziz gero, hiru birako partida jokatzen genuen.

 

Jokalarien bozka

Gaurkotzeak funtzioa aldatu du. Irain, ausazko zirkuitua aukeratzen bada, bi partida motak agertu ahal dira; hau da, formatu klasikodun partidak zein intermission erako lasterketak has daitezke.

Adabaki berriak jokalarien haserrea eragin du; askok intermission formatua gogoko badute ere, sarritan ausazko zirkuitua ateratzen zela agerikoa zen, erabiltzaileek betiko lasterketa motak gustuko dituztenaren adierazgarri ezin hobea. Eguneratzearekin ez dago ezezagunen aurkako partida arruntik jokatzeko modurik.

 

Hobetzeko tartea

Erabaki eskasa bada ere, hiru birako funtzionalitatea hor dago. Nintendok jokalarien eskaerak entzungo dituela zentzuzkoa da, Worlden partida mota berriak zein Grand Prix klasikoak eskainita etorkizunean.

Antzekoa gertatzen Knockout Tour kanporaketa modalitate berriarekin. Jokalarien artean maitatua izatera iritsi den formatua bada ere, kopa edo zirkuitu gutxi daude une honetan —zortzi, guztira—, eta askok zirukitu nagusien atal handiak kanpoan uzten dituzte: hauek areagotzea eta mundutik zehar nahi bezalako ibilbideak antolatzeko aukera gehitzea eskatzen dute erabiltzaileek. Dagoeneko VS moduan existitzen den ezaugarria, gainera.

Etorkizunera begira, aipatutako aldaketok era guztietako eduki berriekin uztartzea aurreikustekoa da. Mario Kart 8ren ibilbide luze eta oparoa ikusita, Worldekin gidariak, zirkuituak, kopak eta bestelakoak epe luzera gehitzen joatea egon daiteke Nintendoren plangintza barnean.