Etorkizunean ibilbide gehiago gaineratuko dituzte egileek. Hiru birako lasterketa arruntek desagertuta jarraitzen dute.

Mario Kart World gaurkotzen dihardu Nintendo-k. Doako 1.7.0 eguneraketarekin hainbat berritasun inplementatu dituzte: interesgarrienak Knockout Tour joko motarentzako ibilbideak.

Bi ibilbide berri ikusiko ditugu eguneratzearekin batera: Drill Rally eta Boomerang Rally.  Zirkuitu desberdinak lotzen dituzte rallyok: lehenak Wario Shipyard eta Bowser’s Castle artean kokatuko ditu norgehiagokak, eta, bigarrenak, Salty Salty Speedway zein Whistlestop Summit zirkuituen artean.

Biziraupen modalitatea Worlden berrikuntza handietakoa izan da, 24 gidari munduko mapa zeharkatzen duten errepideetan kanporaketa arauekin lehiatzen jarrita. Halere, aniztasunari buruzko kexak nagusitu dira azken urtean, eta N handiak aukera gehiago eskaini gura dituela dirudi.

Gaur estreinatutako adabakia ez da azkena izango, ordea: bideoan ikus dezakegunez, etorkizunean rally gehiago ikusiko ditugu iturginaren lasterketa jokoan. Ageri dena guztia bada, sei ibilbide gehiago etorriko dira. Bukatzeko, argazki modalitatean mundu irekian lortutako eranskailuak erabiltzeko aukera ere gehitzen du 1.7.0 adabakiak.

Gehikuntza esanguratsuak badira ere, zaleak bestelako edukien zain dabiltza. Burura etortzen diren lehenak zirkuitu berriak dira, noski: iazko ekainean Mario Kart World estreinatu zenetik ez dugu mapa edo kokaleku berririk ikusi. Jokoaren mundu irekiko izaerarekin, egia da agian zirkuituak kokatzea zaila izan daitekeela, alde batetik; bestetik, toki berriekin Knockout Tourrentzako ibilbideak biderkatzeko aukera egongo litzateke. Horri lotutakoa da beste eskakizunetako bat: biziraupen modalitatean ibilbideak nahi bezala antolatzeko aukera gehitzea, alegia. Jokalariek beren rallyak sortzeko aukera edukita, dozenaka konbinazio sortzeko aukera egongo litzateke.

Azken eskakizun handia, eta, harrigarriena, Grand Prix arruntak gehitzea da: MK Worlden ezin daitezke hiru birako lasterketa normalak lehiatu. Sari nagusietan aritzerakoan, mapako toki batetik bestera aritzea eskatuko zaigu, zirkuitu bakoitzean bira bakarra eginda.

Hala eta guztiz ere, Mario Kart World zeharo arrakastatsua izan da, inolako zalantzarik gabe. Azken datuei begira jarrita, 14,70 milioi ale saldu ditu Nintendok; egia esan, salmenta asko Switch 2 kontsolarekin batzen duen bildumari dagokionak izango dira, baina datu aipagarriak direla aitortu beharra dago.