Irailaren 1etik aurrera ikusiko dugu prezio igoera: Switch 2a 499,99 eurotan salduko da. “Egungo merkatuaren egoera” ikusita hartu dute erabakia.

Nintendok prezio aldaketak iragarri ditu egungo kontsolarentzat. Switch 2ak prezio areagotzea jasango du.

Une honetan 469,99 eurotan saltzen da gailu hibridoa. Irailaren 1etik aurrera 499,99 eurotan salduko dute —gomendatutako prezioa izango da, alegia—; hau da, 30 eurotan garestituko dute.

Prentsa oharrean aditzera eman dutenez, “egungo merkatuaren egoera” da erantzulea. “Nazioarteko negozio ikuspegia aztertu ondoren, Nintendok fabrikatzailearen gomendatutako prezioak errebisatuko ditu”, diote japoniarrek.

Askok espero zuten prezio igoera, ez baita bakarra. RAM memoriaren zein biltegiratzeen krisiek, nazioarteko egoera sozioekonomikoarekin batera, askotariko gailuen eta zerbitzuen prezio igoera ekarri du. Nintendok Switch 2aren prezioa mantentzeko ahaleginak egin dituela entzun dugun arren, aurreikusteko moduko albistea izan da.

Martxoan PlayStation gailuen prezio igoera iragarri zuen Sony-k; Valve-k ez digu argitaratu gabeko Steam Machine nahiz Steam Frame gailuen prezioa zehaztu, baina, egoera ezagututa, hasiera batean adostutakoak baino garestiagoak izango direla espero da.

 

19,86 milioi Switch 2

Prezio igoera finantza txostenaren argitalpenarekin batera egin du N handiak: 2026ko urtarrileko, otsaileko eta martxoko datuak biltzen dituen dokumentua zabaldu dute japoniarrek. Bertan jakinarazi dutenez, 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu dituzte.

Hiruhilekoan 2,49 milioi gailu saldu dituzte; bideojokoei begira jarriz gero, 10,78 milioi titulu saltzea lortu du Nintendok. Guztira, 48,71 milioi bideojoko saldu dituzte Switch 2an.

Erregea, nola ez, Mario Kart World da: iturginaren azken lasterketa jokoak 14,70 milioi ale saldu ditu. Atzetik ditu Donkey Kong Bananza (4,52 milioi), Pokémon Legends: Z-A (3,94 milioi Switch 2ko bertsioan), Pokémon Pokopia (2,41 milioi) eta Kirby Air Riders (1,87 milioi).

Switch originalari begiratuz, 155,92 milioi salmentetara iritsi zen martxoan. Bere jokorik salduena Mario Kart 8 Deluxe da, 71,08 milioirekin.

Uda honetan atzo bertan iragarritako Star Fox berria nahiz Fire Emblem: Fortune’s Weave, Splatoon Raiders, Rhythm Heaven Groove eta Nintendo Switch 2 Sports kaleratzea aurreikusten du Nintendok. Datorren urtean, berriz, Pokémon Winds eta Pokémon Waves helduko dira.

Ez dira espero ditugun joko bakarrak: iragarpen ofizialaren zain jarraitzen dugu, baina The Legend of Zelda: Ocarina of Time-n berregitea, Super Mario berria zein Star Fox txikiagoa ikusiko omen ditugula aurreratu digute insider-ek.