Iturgin anaien JRPG abentura azaroaren 7an hasiko da Switch kontsolan.

Mario & Luigi: Brothership izango da Nintendoren kontsola hibridoari agur esateko bideojokoetako bat, eta bere promozio kanpainarekin hasi dira japoniarrak. Bideo alaiarekin Mario eta Luigi anaiek zeharkatu beharko dituzten Concordiako gune desberdinak aurkeztu dituzte.

JRPG frankizia kontsola eramangarrietan ikusten genuenez, Switcharekin emandako jauzia nabarmena da. 3D inguruneetan ontzi erraldoi gainean kokatutako zelaiak, basamortuak eta basoak gurutzatuko ditugu, baina baita hiriak, zirkuak eta bestelako toki koloretsuagoak ere.

Atal tekniko eraberrituak ez ditu ohiko mekanikak desagerraraziko: esplorazioa eta txandakako borrokak izango dira nagusi Brothershipen. Mario zein Luigi kontrolatuko ditugu aldi berean; alabaina, bi anaiek eraso eta mugimendu bereziak erabili ahalko dituzte elkarlanean munduan aurrera egiteko zein etsaiak garaitzeko.

Umoreak ere bere lekua dauka sagan: aurkituko ditugun pertsonaiekin denetariko egoerak biziko dituzte iturginek. Paper Mario maitatuekin antzekotasun handiak badituzte ere, Mario & Luigi jokoek berezko nortasuna daukate.

Ez dugu askorik itxaron beharko Mario & Luigi: Brothershipen munduan barneratzeko: azaroaren 7an iritsiko da Nintendo Switch gailura.