Daisy eta Shy Guy jokalariak jasoko ditu Nintendo Switch-eko futbol jokoak. Estadio berria ere prestatu dute Nintendo-koek.
Ekainean estreinatu zen Mario Strikers: Battle League dibertigarriak harrera ona eduki zuen Nintendozaleen artean. Hala ere, ohiko gaitzespenetako bat oinarrizko jokoak ekarritako eduki kopuru urria izan da. Hori zuzentzeko asmoz, Nintendokoek bideojokoaren lehen eduki gehigarriak iragarri ditu; ez hori bakarrik, guztiz doakoak izango direla jakitera eman du.
Berritasun nagusiena pertsonaien aldetik dator: bi futbol jokalari berri jasoko ditu tituluak. Alde batetik, Daisy printzesa dugu; bestetik, Shy Guy ñimiñoa ikusiko dugu futbol zelaian. Bakoitzak bere indargunean izango ditu: Daisy teknikoki bikaina den bitartean, Shy Guy esparru guztietan aditua dela adierazi digute trailerrarekin. Nola ez, tiro berezi propioak erabiliko dituzte ikaragarrizko golak sartzeko.
Jokalariak, ordea, ez dira DLC-arekin jokora helduko diren gehigarri bakarrak. Pertsonaiak pertsonalizatzeko aukerak areagotu egingo dira Zaldun jantzi sorta berriarekin: indarra eta tiroak areagotuko ditu.
Horrez gain, kokaleku aldetik ere berritasunak datoz; izan ere, Basamortuko Hondakinak deitutako estadioan lehiatuko dira partidu berriak. Hau gure taldeko futbol zelaia izan ahalko da, eta mailaz igotzeko aukera edukiko dugu.
Aipatutako eduki guztiak bihar bertan estreinatuko den eguneraketarekin iritsiko dira Switch kontsolara. Mario Strikers: Battle Leaguen jokatzen jarraitzen baduzu, adi beraz.
Iruzkinak