Gamecube eta Wii kontsoletan estreinatutako futbol saga dibertigarriaren jarraipena izango da.
Mario eta adiskideak futbol zelaira itzuliko dira udan, eta partiduak Switch-ean jokatuko dira. Mario Strikers: Battle League Football iragarri dute N Handikoek azken Direct aurkezpenean. Ezagutzera ematearekin batera, argitaratze data zehaztu dute: ekainaren 10ean kaleratuko da.
Mario Tennis, Golf eta Kart frankiziekin hasitako ibilbidea jarraituko du Strikersek: objektuz eta mugimendu bereziz betetako norgehiagokak izango dira nagusi. Ahaztu ohiko futbola, beraz. Trailerrean hainbat zinematikekin batera jostagarritasuna ikus daiteke; Bob-Omb bonbak, arrautzak, platanoak eta askoz gehiago ikus daitezke, tiro berezi boteretsuekin batera.
Oraingo honetan pertsonaia desberdinen jantziak aldatzeko aukera nabarmendu dute: bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak aldatzeko hainbat arropen eta piezen artean hautatu ahalko dute jokalariek. Nola ez, online partidak ere gehituko dituzte oraingoan: klubak sortzeko tresna prestatuko dute, besteak beste, eta 20 bat pertsona gehitu ahalko dira hauetara.
Gamecube kontsolan ikusi genuen lehen aldiz Mario Strikers: Next Level Games garatzaileak kaleratu zuen 2005ean; ondoren, Wiiko bertsioa ere prestatu zuten, Charged Football izenpean. Battle League Football berri honen garatzaileak ezezagunak dira momentuz, baina suposatzekoa da estudio beraren esku egongo dela, gaur egun Nintendorekin elkarlanean jarraitzen dutela jakinda.
Mario Strikers: Battle League Football ekainaren 10ean estreinatuko da Switch kontsolan.
Iruzkinak